Eibarko eta Mutrikuko errugbi taldeetako gazteek elkarrekin jokatuko dute

Eibarko eta Mutrikuko errugbi taldeetako gazteek elkarrekin jokatuko dute
2021/09/28 08:39
eta kitto!
Eibar Rugby Taldea eta Mutriku Rugbyk elkarrekin jokatuko dute 18, 12 eta 10 urtez azpiko mailetan. ”Zerbait handia sortzea da asmoa, Debabarrenean elkarrekin lan egingo duten talde-sarea osatzea,. Pausu hau bide luze baten hasiera da soilik”, Gaston Ibarburu Eibar Rugby Taldeko kirol-zuzendariaren berbetan.

Denboraldi honetan 18, 12 eta 10 urtez azpiko mailetan jokatuko duten arren, bi taldeen helburua eskualdean errugbia haztea eta sustatzea da. “Eskualdeko haur eta gazte guztiei errugbia eta bere balioak ezagutzeko eta praktikatzeko aukera ematea da helburua, eta errugbia eskualdeko kirol erreferente bihurtzea”, dio Paulo Coutok, bateratzearen arduradunetako batek.

Alex Barrenetxea, Mutriku Rugby taldeko lehendakaria, izan da proiektu honetan gehien sinistu duen pertsonetako bat eta, bere berbetan, “Debabarrenean errugbia gehiago ezagutaraztea da helburua. Hedatzeko lan handia dugu egiteko. Ilusio handia dugu eta uste dugu oso aberasgarria izango dela denontzako”.