Eibarko historiako “saskibaloi proiektu handiena” aurkeztu du Avia Eibar Saskibaloia taldeak

Eibarko historiako “saskibaloi proiektu handiena” aurkeztu du Avia Eibar Saskibaloia taldeak
2018/10/18 08:36
eta kitto!
Eibar Saskibaloia taldeak iaz hasitako apostua indartu eta Eibarko historiako saskibaloi proiektu handiena aurkeztu du 2018/19 denboraldiari begira. Avia petrolio-operadorearen babesa jasoko du hemendik aurrera eta, ondorioz, taldearen izena eta logoa aldatuko da, Avia Eibar Saskibaloia deitzera pasatuz.

Harrobiari begira lan eginez jarri zen martxan iaz Eibar Saskibaloiaren proiektua eta talde bi sortu ziren, alebin eta infantil txiki mailakoak. Ate irekien jardunaldietan eta multikiroletan egindako lanaren ondorioz, aurten zortzi talde izango ditu Avia Eibar Saskibaloiak eta kide gehiago atxiki ditu proiektura, barne egitura zehatzago definituz.

Senior mailako taldea Ibai Sanchezek gidatuko du eta alboan izango ditu Anderson Polanco, taldearen arlo fisikoa lantzen, eta Ibai Lekunberri, laguntza taktikoa eskainiz. Kadete mailan talde bi edukiko ditu klubak, emakumezkoena eta gizonezkoena. Mikel Sanchezek eta Wilfredo Polancok zuzenduko dute emakumezkoen taldea, eta Mikel Lekunberrik eta Alberto Arizmendiarretak entrenatuko dute gizonezkoena. Infantiletan ere talde bi egongo dira. Batetik, Aitor Arakisek zuzenduko duen infantil handia, eta bestetik, Alexander Echevarriak gidatuko duen infantil txikia. Alebin mailan, azkenik, hiru talde izango ditu Avia Eibar Saskibaloiak. Enrique Benitezek, Fernando eta Nahia Benitezen laguntzarekin, errendimenduko gizonezkoen alebina entrenatuko du; eta bestetik, partaidetasun mailako emakumezkoen eta gizonezkoen talde bana egongo da.