“Eibarko Txikito” pilotariari buruzko liburua kaleratu du Jose Agustin Larrañagak

“Eibarko Txikito” pilotariari buruzko liburua kaleratu du Jose Agustin Larrañagak
2022/11/08 08:57
eta kitto!
Jose Agustin Larrañagak euskal pilotaren inguruan urte guztiotan egiten diharduen lanaren fruitu berria dago kalean. Oraingoan 514 orrialde dituen liburu mardula, argazki askorekin, “tartean Txikitoren aurka jokatu zuten 103 pilotariarenak, euren biografia eta guzti”. Hori gutxi balitz, liburuak sasoi hartan zeuden frontoi guztiak ere jasotzen ditu barnean. Egileak dioen bezala, “Indalezio Sarasketa Uriarte, `Azpiritxiki´ bere hasieran, bere sasoian euskal pilota gehien nabarmendu zuena izan zen, modalitate guztietan gainera (eskuz, palaz, eskularruz eta zestaz). Bere ibilbidea amaitu zuenerako, euskal pilota kirol nazionala zen ez bakarrik Euskal Herrian, baita Espainian ere”. Aurrekoarekin batera, Larrañagak haren gizatasuna eta ondo egindako lana azpimarratzen ditu, “hemendik kanpora ere, Argentinara hain zuzen, euskaldunekin osatutako lehenengo pilotari koadroa eraman zuelako kanpora, han denboraldia egiteko”. Aitzindaria beste behin Eibarko Txikito.