Eibarrek porrotarekin esan dio agur Ipuruari denboraldi honetan

Eibarrek porrotarekin esan dio agur Ipuruari denboraldi honetan
2017/05/15 eta kitto!
Eibar KE-k 0-1 galdu zuen atzo Xixongo Sportingen aurka denboraldi honetan Ipuruan jokatu den azkenengo partiduan. Armaginek, hala ere, 8. postuan kokatuta jarraitzen dute, nahiz eta Alavesek puntuetan berdindu dituen.

Mendilibarren mutilek oso ondo hasi zuten neurketa eta markagailuan aurrea hartzeko hainbat aukera izan zituzten. Elastiko gorriurdinarekin Ipuruan azkenengo aldiz jokatzen zuen Adrianek, adibidez, langara bidali zuen bere burukada. Kanpoko taldeak, hala ere, partidua irabazi beharra zeukan mailari eutsi nahi bazion, eta gora egin zuen. Horrela, 32. minutuan Burguik baloia ondo gurutzatu zuen Riesgoren aurrean eta Debako atezainak ezin izan zuen ezer egin gola saihesteko.

Eibartarrek partiduaren kontrola hartu zuten golaren ostean, baina arrisku handirik gabe. Rivera Sportingeko jokalari ohiak zutoinera bidali zuen bere jaurtiketa 75. minutuan, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta, nahiz eta partidua irabazi, Sportingek agur esan zion Lehen Mailari.

Partidu amaieran, bere zaletuen aurrean denboraldi zoragarriari agur esateko festa txikia prestatu zuen Eibarrek eta, domekan, Bartzelona izango du aurkari Camp Nouen, 20:00etan, denboraldiari agur esateko.