"Eibarren pilota, plan borobila" ekimena aurkeztu dute

"Eibarren pilota, plan borobila" ekimena aurkeztu dute
2012/10/04 eta kitto!

ASPE pilota enpresak Eibarko merkataritzarekin lortutako akordio baten bitartez egitasmo berritzaile bat aurkeztu du gaur eguerdian (eguena, urriak 4) pilota zaletasuna bultzatzeko. Programa honek jendea Astelena frontoira erakartzea eta Eibarko domeka arratsaldetako giroa suspertzea du helburutzat. ASPEk zenbait pack berezi eskeiniko ditu zaletuek igande borobila bizi dezaten, "edozein logistika kontuz ez arduratzeko".
Plan honen izenburua Eibarren pilota, plan borobila da eta Astelena frontoiaren kudeatzailea den ASPEz gain, Chalcha jatetxea eta hiri erdian dagoen Untzagako parkina (Txaltxa-Zelai Gespark) eta zabaldu berri duten Arkupe Gastropub-ak hartuko dute parte. Pack bereziak 60 euro balio du eta horren truke pelotazaleak Astelena-rako sarrera, Chalcha jatetxean menu berezia eta Untzagan aparkalekua lortuko du.
"Bai Eibarko merkatariek eta baita guk geuk ere esfortzu itzela egin dugu prezio ezin hobea eskeintzeko. Banan banan erostearekin alderatuta, deskontu bikaina eskeintzen dugu hiru zerbitzu hauek elkarrekin hartzen direnean", adierazi du Ibon Arakistainek, ASPEko komunikazio arduradunak. "Gure helburua da igandean partidu bikaina ikustera datorrenak ezertaz ez arduratzea, disfrutatu baino ez dezala egin. Ez dadila ezertaz kezkatu, ezta aparkatzeaz ere", gaineratu du.
Chalchan menua eta frontoirako sarrera bakarrik nahi duten pelotazaleek 50 eurotako pack-a hartu ahal izango dute, eta sarrera eta parkina baino nahi ez dutenei, 30 eurotako aukera eskeiniko zaie. Pilota jaialdiaren ostean asetzeke gelditu denak ere izango du aukera eta ireki berri den Arkupe Gastropub-ak afari merienda berezia eskaintzen du aukeran (50 euro).
Azkenengoz, ASPEk ez du ahazterik nahi bere harrobia zein pelotazale gazteak. Orain, 18 urte bitarteko Federatuak binaka sartu daitezke dohanik, pertsona nagusi  edo tutore batekin badatoz. Azken honek ordaindu beharko luke. Federatuak ez direnak eta 16 urte bitartekoentzat, sarrera bakarra izango dute dohan, pertsona nagusi  edo tutore batekin badatoz. Azken honek ordaindu beharko luke.