Eibartarrak eta Urkiren arteko derbia jokatuko da bihar Unben

Eibartarrak eta Urkiren arteko derbia jokatuko da bihar Unben
2020/01/10 eta kitto!
Bihar 18:00etan jokatuko den 1. Erregional mailako neurketa hori eta domekan 17:00etan Unben bertan jokatuko den 3. mailako Vitoria-Gernika izango dira asteburu honetan gure herriak kirol mailan hartuko dituen neurketa garrantzitsuenak, bihar Orbea kiroldegiak, 20:30etik aurrera, hartuko duen waterpoloko Euskal Herriko Kopako Urbat eta Getxoren artekoarekin batera.

Foballeko 1. Mailako Eibarrek Cacereñorekin du Kopako kanporaketa domeka eguerdian (12:00etan) eta beste kirol motatako talde nagusiek kanpoan jokatuko dituzte eurenak. Horrela, foballean 2. Mailako emakumezkoen taldeak partidu zaila bezain garrantzitsua jokatuko du Osasunaren zelaian etzi eguerdian eta Erregional Ohorezko Eibar Urkok Zumarragan ahaleginduko da lidergoari eusten bihar 16:00etan.

Eskubaloian 1. Nazional Mailako Somos Eibarrek Egian jokatuko du bihar 20:15ean eta Gipuzkoako 1. Mailako bi taldeak bisitari izango dira: emakumezkoen Mecalbek Zumarragan jokatuko du bihar 16:00etan eta gizonezkoenak Usurbilen bihar 19:30ean.

Errugbian Ohorezko B Mailako Avia Eibarrek Uribealdearen zelaia bisitatuko du bihar 16:00etan.

Saskibaloian, bestalde, 3. Mailako Avia Eibarrek Oiartzunen jokatuko du domeka eguerdian.

ASTEBURUKO KIROL AGENDAN dituzue jardunaldiko partidu guztiak eta ordutegiak