Eibartarrak txukun EHM eta G2an

Eibartarrak txukun EHM eta G2an
2013/07/16 eta kitto!

Aurreko asteburuan Beasainen Ehunmilak eta Goierriko Bi Haundiak ultratrailak jokatu ziren eta bertan jardun zuten eibartarrek txukun bete zituzten probak. Ehunmilak ultratailak 168 km eta 22.000 metroko desnibel metatua dauka eta Gipuzkoako 22 udalerritik pasatzen da, probintziako mendirik garaienak (Txindoki, Aizkorri, Ernio, Izarraitz, Irimo...) zeharkatuta. Proba berez nahikoa gogorra bada, distantzia eta desnibelarengatik, baina aurtengoa are gogorragoa izan da egindako bero eta hezetasun handiarengatik. Proban 285 korrikalarik hartu zuten parte, baina horietatik 81 baino ez ziren helmugaratu, ehun bat korrikalari Amezketan neutralizatu zituztelako, Aralar ingururako ekaitz eta tximista arrisku handia iragarrita zegoelako zapatu arratsalderako eta badaezpada. Irteeran C.D. Eibar-Kalamua Korrikalari Taldeko bost kide izan ziren: Iosu Elejalde, Javi Aldai eta Igor Azurmendi (talde bezala), eta Iñaki Lopez de Gereñu eta Natxo Garai. Igor Azurmendik 35 ordu eta 9 minututan amaitu zuen lasterketa, 50. postuan sailkatuta. Iñaki Lopez de Gereñu, berriz, Amezketan neutralizatu zuten eta aurrera egiteko moduan, indartsu egon arren ez zioten laga jarraitzen. Eta Elejaldek, Aldaik eta Garaik, berriz, hainbat arazo fisiko tartean ez zuten proba amaitu.
Goierriko Bi Haundiak 88 km eta 12.000 metroko desnibel metatua duen proba da eta bere ibilbidean Txindoki eta Aizkorri zeharkatu behar dituzte korrikalariek. Proba honetan C.D. Eibar-Kalamua Korrikalari Taldeko hiru kidek jardun zuten eta hirurek lortu zuten proba amaitzea: Juan Ramon Rodriguez-ek 38. postuan amaitu zuen, 14 ordu eta 15 minutuko denborarekin; Raul Fernandez 51. postuan sailkatu zen (15 ordu eta 6 minutu); eta Asier Garde 175. postuan (19 ordu eta 38 minutu). Proba 311 korrikalarik hasi zuten, baina 233 baino ez ziren helmugaratu.