Emakumezkoen Eibarko Hiria Sari Nagusiaren hirugarren edizioa jokatuko da domekan

Emakumezkoen Eibarko Hiria Sari Nagusiaren hirugarren edizioa jokatuko da domekan
2021/05/14 08:21
eta kitto!
Etzikoa orain arte antolatutakoen artean bikainena izango da. 2018an ekin zioten Eibarko Txirrindularitza Elkartekoek gero eta gorago dagoen emakumezkoen txirrindularitzari bere tokia egiten eta hurrengo urtean, 2019an, beste aurrerapauso bat eginez, Espainiako Koparako baliagarria izatea lortu zuten. Pandemiarekin iazkorako prestatutakoa bertan behera laga ondoren, aurten ikaragarrizko jauzia eman eta UCI mailako lasterketa antolatu dute, munduko txirrindulari onenen parte-hartzearekin.
Horrela, sei txirrindulariz osatutako 29 talde izango dira irteera-puntuan: UCI World Tourreko zazpi, UCI Continental mailako 21 eta estatu mailako beste bat. Parte-hartzaileen artean izango dira Anna Van der Breggen gaur egungo munduko txapelduna eta bere aurretik ortzadar maillota eraman zuen Annemiek Van Vleuten. Munduko bi onenekin batera, Debabarrena-Kirolgi taldean bere ibilbidea hasi zuen Ane Santestebanek ere hartuko du parte; berarekin euskal txirrindularitzaren gorenean dagoen Eider Merino partidakoa izango da, eta baita Mavi Garcia gaur egungo Espainiako txapelduna.
Tropelak Valenciaga Memorialean bizi izandako urratsei jarraituko dio eta, Azitaingo poligonoan bildu ondoren, Untzagara joko du martxa neutralizatuan eta, bertan irteerako zinta moztu eta gero, berriro martxa neutralizatuari ekingo diote Maltzagaraino, bertatik lasterketa abiatzeko. 117 kilometro pasatxo izango du domeka goizeko probak eta, 10:00etan hasita, lehenengo txirrindulariaren helmugaratzea 13:00ak bueltan espero da Arrateko gainean. Txirrindulariek Oñatiraino joko dute hasteko eta, Udanako gainetik pasatuta, Legazpira jaitsi eta gero Azkoititik Arronara joango dira eta, behin Itziarko gaina gaindituta, helmugararen bila joango dira. Eibarrera Maltzagatik sartuko dira, bariantea hartu eta azken zailtasunari, Usartzari, aurre egiteko.
Antolatzaileek, aurreko probetan egindakoaren antzera, oraingoan ere ahalegin berezia egingo dute jarraitzaileen nahiei ahal den neurrian erantzuten eta, pandemiaren aurrean neurriak errespetatzeko eskatuz eta zorrotz zaintzearekin batera, lasterketa guztia jarraitzeko aukera eskainiko du streaming bidez, klubaren web orriaren bidetik.