Emakumezkoen talde nagusiak garaile, gizonezkoenak galtzaile

Emakumezkoen talde nagusiak garaile, gizonezkoenak galtzaile
2018/10/01 eta kitto!
Ez da asteburu oso emankorra izan azken hau gizonezkoen talde nagusientzat: foballean Eibarrek 1-3 galdu zuen Sevillarekin Ipuruan, eskubaloian Somosek 24-28 Iruñeako Anaitasunarekin kiroldegian, eta errugbian Avia Eibarrek 27-34 Bathcorekin Unben. Hiru porrotak, etxean izanda, mingarriagoak egin arren, onartzekoa da ere aurkariak ez zirela nolanahikoak, eskubaloian eta errugbian multzoko gorenean egotekoak direlako. Ipuruan izan zen bestelakorik ere, azkenean larritasunik ez bazuen eragin ere: andaluziarren bigarren golaren ondoren, Sevillako zaleen harmailako hesia erori eta hamalau zauritu arin eragin zituen; horietako lau Mendaroko erietxera eraman zituzten, gauean senda-agiriarekin irten baziren ere. Emakumezkoen herriko talde nagusienak, bestalde, indartsu direla erakutsi zuten oraingoan ere: foballean Eibarrek 5-1 gailendu zitzaion Pradejoni etxean, eta errugbian Avia Eibarrek 14-41 irabazi zuen Durangon. Bestalde, waterpoloko Urbat-Urkotronikeko gizonezkoek azpitxapeldun izan ziren Leioan jokatutako Euskal Herriko SuperKopan, emakumezkoen taldea hirugarren sailkatu zen bitartean. Aurreko emaitzez gain, foballeko Erregional Ohorezko mailan Eibar igoberriak beste garaipen bat eskuratu zuen Añorgan eta lider jarraitzen du, eta foball-zaletuan Azkena Adahi eta Ipur Sagardotegia dira orain arte jokatutako hiru jardunaldietako partiduak irabazi zotuzten bakarrak.