Emakumezkoen txirrindularitzako Eibarko Hiria Sari Nagusia jokatuko da domekan

Emakumezkoen txirrindularitzako Eibarko Hiria Sari Nagusia jokatuko da domekan
2018/03/15 eta kitto!
Euskalduna Torneoarentzako puntuagarria izango den emakumezkoen txirrindularitzako Eibarko Hiria Sari Nagusiaren lehen edizioa jokatuko da herrian eta, antolatzaileen berbetan, maila handiagoko lasterketak jasotzeko abiapuntua izango da. Gaur goizean egin da Eibarko Hiria Sari Nagusiaren aurkezpena eta lasterketaren antolakuntzan ibili diren talde eta erakundeak bildu dira bertan. “Erronka eta lorpen handia da lasterketa honen antolakuntza”, adierazi du Angel Lopez Mendi Eibarko Txirrindulari Elkarteko presidenteak. Anbizio handia erakutsi du Lopezek eta, aipatu duenez, etorkizunean Valenciaga Memorialaren mailako emakumezkoen lasterketa bat antolatzea da elkartearen helburua.

Beñat Urain Eibarko Hiria Sari Nagusia lasterketako antolatzaileak azaldu duenez, “etapa bitan” banatuko da domekako jardunaldia. Kadeteen txanda izango da lehenengo. 9:00etan irtengo dira eta 33 kilometroko lasterketa egingo dute. Gero, 23 urtez azpikoen eta elite mailakoen ordua iritsiko da. 10:45etan hasiko dute lasterketa eta 78 kilometroko ibilbidea bete beharko dute. Antolatzaileek oraindik ez dakite zenbat taldek hartuko duten parte, egunean bertan egingo delako izen-ematea.