Eskalada tailerra antolatu dute Lehen Hezkuntzako ikasleentzat otsailerako

Eskalada tailerra antolatu dute Lehen Hezkuntzako ikasleentzat otsailerako
2022/01/13 eta kitto!
Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailako ikasleek eskalada tailerra jaso ahal izango dute otsailaren 6an, 13an eta 20an, bi txandatan (16:45etik 18:15era edo 18:15etik 19:45era). Ikastaroan izena emateko epea urtarrilaren 21ean zabalduko dute, 31ra arte.

Eibarko Udalak antolatu duen ekimena da eta Inguru Abentura enpresak emango du, euskaraz. Eibarren erroldatutako umeek 5 euro ordaindu beharko dituzte eta herritik kanpokoek 10 euro. Bestetik, parte-hartzaileek kirola egiteko zapatilak eta erropa erosoa eraman beharko dute.

Hauek dira ekimenaren helburuak: kirol ezberdinen eskaintza zabaltzea, haurren eskaerei erantzuna ematea, lagun berriak egitea eta adin tarte bereko lotura egonkorrak sustatzea, Eibarko elkarteei laguntzea, haurren aisialdian modu aktiboan gozatzeko aukerak zabaltzea eta neska-mutilen arteko aukera berdintasuna sustatzea.