Euskal Herriko Itzulia Eibarren gaur eta bihar

Euskal Herriko Itzulia Eibarren gaur eta bihar
2017/04/07 eta kitto!
Gaur eta bihar artean erabakiko da Euskal Herriko Itzuliko irabazlea, eta Eibar horren lekuko nagusia izango da. Gaurko etapa, itzuliaren bosgarrena, Bilbotik irten eta 17:30 bueltan amaituko da Arraten, eta biharko erlojuz kontrakoa 16:30 bueltan hasiko du azken txirrindulariak. David De La Cruz (Quick Step - Floors) da lasterketaren liderra momentuz, baina 3 segundora ditu arerio nagusiak. Beraz, Eibarko etapa biak erabakigarriak izango dira.

Euskal Herriko Itzulia 15:30ak aldean sartuko da lehenik Eibarren, Maltzagatik, eta pelotoiak Ixuako lehen igoerari ekingo dio. Markinara jaitsi eta Trabakua igo ostean, Ermutik bariantea hartuko du pelotoiak Ixua bigarrenez igotzeko, 16:30ak inguruan. Ixua atzean utzi eta Urkaregi igo eta gero, lasterketa Elgoibartik ailegatuko da Eibarrera 17:00ak aldean, eta Matsariatik Arratera dagoen igoera gogorra hartuko dute txirrindulariek etapari amaiera emateko.

Bihar, zapatua, erlojuz kontrakoari egin beharko dio aurre pelotoiak. Ipuruako kiroldegiko atze aldean egongo da hasiera eta Elgeta, Ubera, Mekolalde, Soraluze eta Maltzagatik pasa ostean, Untzagan egongo da helmuga. Lehen txirrindularia 13:40ak aldean irtengo da eta, azkena, 16:33etan.

 

Argazkia: itzulia.eus