Euskal selekzioak Costa Ricakoa hartuko du gaur Ipuruan

Euskal selekzioak Costa Ricakoa hartuko du gaur Ipuruan
2020/11/16 eta kitto!
Nazioarte mailako partidua jasoko du gaur 20:45ean Ipuruak. Euskal Herriko eta Costa Ricako selekzioak nor baino nor arituko dira Eibarren, ateak itxita jokatuko den partiduan. Ez da jokalari eibartarrik arituko Euskal selekzioarekin (Mikel Oyarzabal, adibidez, Espainiako selekzioarekin dago), baina bai Eibar FT-ko jokalari bat: Anaitz Arbilla.

Javier Clementeren mutilek 2019ko maiatzean Panamaren aurka jokatu zuten azken partidua eta bi urte daramatzate Euskal Herrian jokatu gabe. Ez da amestutako itzulera izango, zalen beroa faltako delako.

Aurrean Keylor Navas atezaina izar duen Costa Rica izango dute euskaldunek. Erdialdeko Amerikako taldeak bana egin zuen barixakuan Qatarren aurka Austrian eta zapore onarekin amaitu nahi du Europan egiten diharduen bira.