Ezker hegaleko Rios Reina izango da SD Eibar-endako lehen fitxaketa 22/23 denboraldirako

Ezker hegaleko Rios Reina izango da SD Eibar-endako lehen fitxaketa 22/23 denboraldirako
2022/06/21 08:02
eta kitto!
32 urte ditu Jose Ríos Reina ezker hegaleko sevillarrak eta libre dator talde armaginera, Ponferradinan azken bost denboraldi eta erdietan aritu ondoren. Sevillako harrobian hezia, Real Madrid Castilla, Mirandes, Llagostera eta Txipreko Anorthosis taldeetan aritu da, 16/17 denboraldiko neguko merkatuan Ponferradinara iritsi zen arte. Adin horrekin, jakina, esperientzia handia du Bigarren Mailan, 183 partidu jokatu baititu, 5 gol eta 22 asistentziekin. Azken denboraldian, esaterako, 30 norgehiagoketan, hiru gol sartu ditu eta zortzi asistentzia eman. Hegaleko atzelari andaluziarrak 2024ko ekainera arte sinatu du talde armaginarekin.

Lehen fitxaketa egin ondoren, Cesar Palacios SD Eibar-en zuzendari teknikoak datorren denboraldirako taldea osatzeko lanetan jarraitzen du eta, Diario Vascok jakinarazi duenez, Cartagena taldeko Yann Bodiger du agendan. Dena dela, ez da erraza izango Lehen Mailan eskarmentua duen erdilari frantziarra fitxatzea, Granada talde jaitsi berriak ere bere taldera eraman nahi duelako.

Eibarrek egun gutxitan jakingo du 22/23 denboraldiko egutegia eta, lehiarako prestatzen joateko, uztailaren 7an hasiko du aurredenboraldia.