Gaizka Bilbao, Eibar Eskubaloia: “Ezinbestekoa da kirola egitea, burua ahalik eta lasaien edukitzeko”

Gaizka Bilbao, Eibar Eskubaloia: “Ezinbestekoa da kirola egitea, burua ahalik eta lasaien edukitzeko”
2020/04/06 eta kitto!
Egilea: Jon Urisabel.
Berrogeialdia nola bizi duen kontatu digu Gaizka Bilbao Eibar Eskubaloi taldeko presidenteak, baita zer egiten duen denbora pasatzeko ere. Hau dena pasatzerakoan Eibar Eskubaloiko taldeek zer espero dezaketen ere azaldu digu.

 

– Lehenik eta behin, nola eramaten ari zara ditxosozko konfinamendua?
Zorionez, irakaslea izanda, lanean jarraitzen dut eta denbora gehiena beteta daukat, aspertzeko astirik gabe oraingoz. Eguneroko lanetik aparte, klubeko betebeharrak ere poliki aurreratzen dihardugunez, egunak nahiko azkar pasatzen ari naiz familiarekin batera.

– Lehen baino kirol gutxiago ala gehiago egiten duzu?
Nire ustez, etxe askotan bezala, gurean ere gora etorri gara eta inoiz baino kirol gehiago egiten dugu. Arrabola dela, pesak direla… egunero gabiltza gorputza mugitzen. Ezinbestekoa dela iruditzen zait zerbait egitea, burua ahalik eta lasaien edukitzeko.

– Eibar Eskubaloiko jokalari batzuek bideoak eskegi dituzte sarean kirola egiten. Egoera ezezagun honen aurrean, zer esango zenieke Eibar Eskubaloiko neska-mutilei?
Burua lasai edukitzeko; kirola egitea beharrezkoa dela iruditzen zait. Jokalari gehienak nerabeak dira, energia asko daukate gordeta eta beharrezkotzat jotzen dut energia hori ondo bideratzea. Beste alde batetik, kirolariak gara; beraz, gure gorputzari ahalik eta egoera egokienean eustea funtzezkoa da.

– Noiz uste duzu ateratzeko aukera izango dugula, gure senide eta lagunak aurrez-aurre agurtzeko?
Horren inguruan gogoeta gutxi egiten dut; nahiago dutnahiko errealista izaten saiatu. Uste dut egoerak luze joko duela. Osasuna da lehenengoa, ea nola egin ahal dezakegun orain arte lortutakoari eusteko. Gero ikasleak euren errealitatera itzultzeak garrantzia izango du; helduko da momentua senideak eta lagunak agurtzeko. Oraingoz, eta denbora baterako, besarkada birtualei eutsi beharko diegulakoan nago.

– Eta orain garrantzitsuena ez bada ere, zelan espero duzu amaituko direla Eibar Eskubaloiko taldeen txapelketak?
Zaila ikusten dut txapelketak amaitzea; Gipuzkoa eta Euskadi mailan ia ezinezkoa. Espainiako Ligan jokatzen dutenek oraindik erabaki baten zain daude, baina ez naiz oso baikorra. Kirolariek denbora beharko dutelako berriz ere martxan jarri eta maila egoki batera itzultzeko. Gureek ez dakite jokatzen jarraituko duten ala ez: ikasketak eta lanak tartean izanda, ez da erraza esatea. Beste alde batetik, kirol mailako klubaren beharrak aztertuta, ez da unerik onena mugimenduak egiteko, jenderaren burua ere nahiko aldrebestuta dagoelako.

– Egoera nola aldatu den ikusita, nola eragingo dio taldeari orokorrean?
Orokorrean, taldeei dinamikan sartzea kostako zaiela uste dut. Aurredenboraldi modukoa egin beharko dute poliki-poliki berrabiarazten hasteko. Hala ere, taldeak gogotsu etorriko direla uste dut, eskubaloi  gosez, eta hori baliatu behar dugu daukagun onena emateko. Normalean ekainean hasten gara klub bezala hurrengo denboraldirako gauzak prestatzen, baina gaur egun bizi dugun egoerak zailtasunak eskaintzen dizkigu batez ere.
Amaitzeko, alor guztietan kluba indartzeko lanean ari garela nabarmendu nahiko nuke. Eibarrek goi mailako eskubaloia behar du: eskubaloi zaleek horrela erakutsi digute denboraldi guztian, eta lan horretan gabiltza buru-belarri.