Garaipen garrantzitsuak foballean eta errugbian, porrot mingarria eskubaloian

Garaipen garrantzitsuak foballean eta errugbian, porrot mingarria eskubaloian
2020/03/03 eta kitto!
Foballean, gizonezkoen Lehen Mailako Eibar FTk eta, errugbian, emakumezkoen Ohorezko B Mailako Eibar Rugby Taldeak garaipen garrantzitsuak lortu zituzten asteburuan. Mendilibarren mutilek 3-0 irabazi zioten zapatuan Levanteri eta arnasa hartu dute sailkapenean. Guntinen neskek, berriz, 72-0 irabazi zioten BUC Bartzelonari eta txapelketaren final erdiak jokatzeko txartela lortu dute. Errugbilariek sailkapenaren lehen postuan jarraitzen dute, partidu guztiak lasai irabazita, eta datorren domekan Les Abelles bigarren sailkatuari egingo diote bisita. Ohorezko B Mailako gizonek, ordea, 7-17 galdu zuten zuzeneko etsai duten Escor Gaztediren aurka eta denboraldiko azken bi partiduak irabazi (eta inguruan dituen taldeek ez irabaztea) beharko dituzte mailari eusteko.

Eskubaloian, gizonezkoen 1. Nazional Mailako Somos Eibar Eskubaloiak porrot mingarria jaso zuen zapatuan Uharteren aurka, 26-27. Eibartarrek maila handia erakutsi zuten sailkapeneko bigarren sailkatuaren aurka, baina azken segundoan kolpe latza jaso zuten. Partiduan zehar aurretik joan ondoren, talde biak berdinduta iritsi ziren amaierara eta eibartarrak garaipenaren bila joan ziren azken jokaldian. Atea libre utzita, indarrez ekin zioten erasoari, baina epaileak erasoan falta adierazi zuen eta Uharte taldekoek, epaileak adierazitakoa ikusita, baloia hartu eta libre zegoen eibartarren atea zulatu zuten. Fernando Fernandezen mutilek epaileari protesta egin zioten, falta eurei egin zietela esanez, baina ez zen atzera bueltarik egon.

 

Asteburuko kirol emaitza gehiago hemen.