Garajes Garcia – Verge MTB Taldea sortu dute

Garajes Garcia – Verge MTB Taldea sortu dute
2019/04/05 eta kitto!
Eibar eta Ermuko bost lagunek osatzen dute Garajes GarciaVerge MTB Taldea, eta Master 30 mailan lehiatzen dira horietako lau eta jubeniletan bestea. Mendiko bizikletako Euskadiko Openean eta Green Series delakoan lehiatzen dira, eta dagoeneko bi lasterketatan hartu dute parte. Proba bietan nahiko maila ona eman badute ere, herriko txirrindulariei lehiatzeko aukera emateko sortu dute taldea, ez hainbeste postu onak lortzeko. Euskadiko probez gain Katalunia edo Burgosen ere lehiatuko dira taldeko hainbat txirrindulari, besteak beste, eta UCI mailako La Rioja Bike Racen ere egongo dira.

Taldeak Rocket Bike bizikleta-dendan du egoitza eta Jon Hernandez da bertako arduraduna. “Eibar eta inguruko herrietan ez zegoen MTB talderik, baina bai bakarka lehiatzen diren hainbat txirrindulari”, dio Hernandezek. Taldeko kide izateko ateak irekita daude, “bakarka lehiatzen diren hainbat txirrindularik gurekin bat egingo dute hurrengo denboraldian”, eta emakumezkoen taldea sortzeko asmoa dute. “Gainera, haur eta gazteentzat mendiko bizikletako eskola sortu nahiko genuke, baina nolako eskaera dagoen ikusi beharko dugu”.