Gaur eta bihar partiduak izango dituzte Deporreko pilotari eta palistek

Gaur eta bihar partiduak izango dituzte Deporreko pilotari eta palistek
2022/10/27 eta kitto!
Palistek oraingoan Mutrikuko Miruaitz pilotalekuan jokatuko dute, bai gaur eta baita bihar ere bertako, Mutrikuko, bikoteen aurkako partiduetan. Gipuzkoako Paleta Gomazko binakako txapelketari dagozkie eta jaialdi biak iluntzeko 21:30ean hasiko dira.

Pilota arloko neurketak, bestalde, azken aldian bezala eta Astelenako ateak zabaldu arte, Mendaron jokatuko dira orain are. Biharko jaialdia 19:00etan hasiko da, infantil mailako eskuz banakako norgehiagokarekin. Hor Aratz Amillategi eibartarrak nor baino nor jardungo du Arrasateko Etxaberen aurrean. Jarraian, kadete mailako eskuz binakako txapelketako lehen faseko azken jardunaldiaren barruan, Ekhi Azpilikuetak eta Ugaitz Sarasolak osatutako bikoteak Bergarako Amuategik eta Etxeberriak osatutakoari egingo dio aurre. Partidu biak Gipuzkoako Txapelketakoak dira.

Bihar beste bi partidu ere izango dira, horiek Gipuzkoako eskuz banakako txapelketaren hirugarren jardunaldikoak, biak infantil kategoriakoak eta 18:00etan hasiko direnak: Lazkaon, Aleix del Rey-k bertako Ormazabal izango du aurrean; eta Aretxabaletan, Liher Gil-ek bertako Errastirekin neurtuko ditu indarrak.