Gaur goizean aurkeztu dute Itzuliaren 2023ko edizioaren ibilbide osoa

Gaur goizean aurkeztu dute Itzuliaren 2023ko edizioaren ibilbide osoa
2023/02/15 15:56
eta kitto!
Gaur goizean Eibarko udalbatza aretoan egindako prentsaurrekoan aurkeztu dute Itzulia 2023ko ibilbide ofiziala Julian Eraso eta Roberto Laiseka antolatzaileek, Jon Iraola alkatearekin eta Ander Curiel Kiroletako zinegotziarekin batera. Itzulia Aste Santuan, apirilaren 3tik 8ra jokatuko da, eta 992,5 kilometro izango ditu. Ibilbideak Araba, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaia zeharkatuko ditu, ordena horretan, eta Eibarko erdigunean amaituko da. Edizio honetan, 26 mendate puntuagarri izango dira: 1. mailako hiru, 2. mailako zazpi eta 3. mailako hamasei. Bestalde, lasterketaren 62. edizioak ez du erlojupeko etaparik izango, eta, ondorioz, handitu egin da Eibarko azken helmugara iristeko egin beharreko kilometro-kopurua.

ibilbide

Etapa bakoitzari buruzko xehetasunak Roberto Laiseka Itzuliako zuzendari teknikoak eman ditu:

Lehen etapa: VITORIA/GASTEIZ-BASTIDA (165,40 km)

Itzulia 2023ko lehen etapan Opakua mendatea igoko dute, non mendiko lehen maillota lehiatuko baita. Puntu horretatik aurrera, errepide estuak eta oso bihurgunetsuak hartuko dituzte, Bastidako esprintetik igaro arte. 
Ondoren, protagonista airea izan daiteke. Teorian, etapa egokia da esprintean bukatzeko.

Bigarren etapa: VIANA-LEITZA (193,80 km)

Itzulia honetako etaparik luzeena da. Lehen zatia, Leitzatik igaro artekoa, ihesaldia egiteko aproposa da. Bigarren zatiari dagokionez, zirkuitu bat da, eta liderrak aurrean kokatu beharko dira. Izan ere, errepideak bihurgunetsuak dira eta klimatologia erabakigarria izan daiteke, jaitsiera oso luzeak daudelako.

Hirugarren etapa: ERRENTERIA-AMASA/VILLABONA (153,90 km)

Ziur aski, Gipuzkoako kostaldeko zati handi bat zeharkatuko duen etapa honek irteera oso azkarra izango du. Amasa-Villabonatik igaro ostean, zirkuitu gogor bat hasiko da; errepide estuak izateaz gain, gora eta behera ibiliko dira etengabe. Ondorioz, tropelean tentsio handia egongo da, liderrak buruan kokatzeko. Bukatzeko, azken kilometro oso lehergarri eta gogor bati ekingo diote, Hikara iritsi arte.

Laugarren etapa: SANTURTZI-SANTURTZI (175,70 km)

Enkarterrietako ohiko etapa, ihesaldientzako egokiak diren igoera eta jaitsiera askorekin. Azken partean, La Asturiana mendatea igo eta Zugaztietara jaitsiko dira, eta, aurreko urteetan bezala, azken zati hori erabakigarria izan daiteke.

Bosgarren etapa: AMOREBIETA/ETXANO-AMOREBIETA/ETXANO (165,90 km)

Etapa zail honetan, zuzendariek peoiak mugitzeko aukera izango dute. Paresira arte mendate garrantzitsurik egongo ez bada ere, ibilbidea egokia izango da amaierara begira estrategiak probatzeko. Azken kilometroetan, zirkuitu batean sartuko dira, non aurrean egotea oso garrantzitsua izango baita sailkapen nagusiari begira aukerak mantentzeko.

Seigarren etapa: EIBAR-EIBAR (137,80 km)

Itzuliako etapa nagusia, hasiera-hasieratik selektiboa eta oso zorrotza izango dena. Eguneko protagonista nagusiak sailkapen nagusiko gizonak izango dira. Oso garrantzitsua izango da talde ona izatea etapa kontrolatzeko, aurreko edizioetan ikusi dugun bezala.