Gizonezkoen Mecalbe Elgoibarren garaile, emakumezkoena galtzaile Ermukoarekin

Gizonezkoen Mecalbe Elgoibarren garaile, emakumezkoena galtzaile Ermukoarekin
2023/03/27 eta kitto!
Asteburuan jokatutako bi derbietan emaitza desberdinak izan zituzten Mecalbe Eibar Eskubaloiko bi talde nagusiek: kanpoan jokatu zuena garaipenarekin bueltatu zen bitartean, Ipuruako partiduan amore eman behar izan zuten eibartarrek. Olaizaga kiroldegian etxeko taldea, Elgoibarko Alcorta Forging Group, indartsu hasi bazen ere, atsedenaldira heldu aurretik eibartarrek aginte makila eskuan hartua  zuten eta partiduaren amaierara arte ez zuten lagako. Azken emaitza 21-26koa izan zen Mecalberen alde eta oraingoan Jon Barruetabeña izan zen goleatzaile nagusiena, zortzirekin. Ipurua kiroldegian ere kanpoko taldea nagusitu zen, oraingo horretan Lauko Ermuko Errotabarri, atsedenaldira berdinduta iritsita ere, bigarren zatian ondo jakin zuelako partidua euren alde egiten. Azkenean markagailuak 20-24koa markatu zuen ermutarren alde, eibartarren aldetik Nahia Benitez izateko goleatzaile nagusia, bost golekin.

Hurrengo jardunaldian emakumezkoen taldeak Omega Peripherals Basauriren kantxan jokatuko duen bitartean, gizonezkoenak Helvetia Anaitasuna hartuko du Ipuruan.