Gotzon Irazolaren "Euskal mendietan bide berrien bila" hitzaldiarekin hasiko da gaur apirileko mendi egitaraua

Gotzon Irazolaren "Euskal mendietan bide berrien bila" hitzaldiarekin hasiko da gaur apirileko mendi egitaraua
2016/04/07 11:37
eta kitto!
Apirila osoa betetzeko egitaraua prestatu du oraingoan Eibarko Klub Deportiboko mendi batzordeak. Apirileko martitzen eta eguenetan mendiarekin lotutako hainbat izango dira. Estilo bateko zein besteko ekitaldi guztiak arratsaldeko 19:00etan hasiko dira.

Horrela, gaur (apirilak 7), Gotzon Irazolak “Euskal mendietan bide berrien bila” hitzaldia eskainiko du euskeraz Portaleko areto nagusian. Azken urteotan Euskal Herriko mendietako bitxikeria, txoko eder eta erronka berrien bila dabil mendizalea eta bere zaletasunen berri aurki dezakegu http://giroa.blogspot.com blogean.

Hilaren 12an, martitzenean, barrita energetikoei buruzko sukaldaritza tailerra eskainiko du euskeraz Zaloa Otadui eibartarrak Klub Deportiboan. Barrita horiek mendian eta eskaladan zein praktikoak diren jakinda, ematen diguten energia egokia izateko “barritak osagai integral eta kalitaztekoekin egiteak” duen garrantzia azpimarratuko du. Eta ez hori bakarrik: egin ere, barrita ezberdinak egingo dituztelako, fruitu sikuak, aleak eta zerealak nahastuz, “gero etxean bakoitzak bere gustokoena egitea zein erraza den ikusteaz aparte”.

Zaloa Otaduik barrita energetikoak egiten erakutsiko du. Zaloa Otaduik barrita energetikoak egiten erakutsiko du.

Hilaren 14an, eguenean, Mikel Arrizabalaga hainbat komunikabidetako kolaboratzaileak “Mendizaletasuna eta euskara” hitzaldia eskainiko du euskeraz Deporren. Gure inguruko mendizaletasunak izan duen proiekzio sozialaren bueltan jardungo du eta baita mendizaletasuna eta euskarari buruz. Mendia euskaraz bizi dugun galdetuko dio bere buruari eta, zalantzak baino gehiago, berak uste du “oraindik bide luzea ibili beharra dugula euskararen gailurra zapaltzeko”.

Mikel Arrizabalagak mendia eta euskarari buruz jardungo du. Mikel Arrizabalagak mendia eta euskarari buruz jardungo du.

Hilaren 19an, martitzenean, Paco Olivak “Cocina en la montaña” sukaldaritza bigarren tailerra eskainiko du, oraingo hau gazteleraz. Tailer horretan mendiko aktibitateei ekin eta, behin vivac-a eginda, beste jardunaldi bati aurre egiteko organismoa zelan berreskuratu erakutsiko da. Badakigu beharko diren kaloriak aktibitatearen araberakoak izango direla (izan trekking-a, alpinismoa, eski-zeharkaldia...) eta urtaroak ere baduela bere garrantzia. Barazki gordinen, karbohidratoen eta hidratazioaren beharra azpimarratzeaz gain, tailerrean gari-kimuak zelan kultibatu ere erakutsiko da, “edozein karbohidratorekin nahasteko mineral eta bitamina kopuru egokia dakarkigulako eta, horrez gain, oso gutxi pisatzen duelako”.

Hilaren 21ean, eguenean, Imanol Marrodán argazkilariak “Anboto” liburua aurkeztuko du Portaleko areto nagusian. Hainbat urtetan egindako lanaren fruitua da publikazioa eta proiektuak artea eta natura jartzen ditu harremanetan gune horretako ikuspuntu ezberdinak eskaintzeko, beti ere “Anbotoko alde misteriotsuen eta ezezagunena gizakiaren aurretik islatuz”.

Eta hilaren azken astean Mendi-Tour Bilboko mendi film-jaialdiko onena ekarriko digute Coliseora. Martitzenean, hilaren 26an, 9 minutu irauten duen “55 hours in Mexico” (euskeraz eta gazteleraz azpititulatuta), 37 minutuko “Urzulo” Bilboko jaialdiko euskerazko film onena eta 73 minutuko “Jurek” (euskeraz eta gazteleraz azpititulatuta) jaialdi bereko alpinismoko film onena eskainiko dira. “Urzulo” Xanti Ugarteren lanak Euskal Herriko leku ezezagunak erakusten ditu, iluntasunean ere grabatutako irudi zailekin batera. Handik bi egunera (eguenean, hilaren 28an) beste bi pelikula eskainiko dira, biak ere euskeraz eta gazteleraz azpititulatuta: 40 minutuko “A line across the sky”, aipatutako Bilboko jaialdiko eskaladako film onena, eta 73 minutuko “Jeff Lowe’s Metanoia”, jaialdian Ikuslegoaren Saria jaso zuena. Coliseoko pelikuletako sarrerak 5 euroko prezioa dute eta salgai daude dagoeneko interneten; Coliseoko txarteldegian ere lortu daitezke astelehenetan (19:00-20:00) eta barixakuetan (21:00-22:00).