Hierros Servando Eibar Eskubaloia garaipen bidetik jarraitzeko asmotan

Hierros Servando Eibar Eskubaloia garaipen bidetik jarraitzeko asmotan
2020/10/16 16:11
eta kitto!

Nazional Mailako bere multzoko liderrak aurkari zaila izango du bihar arratsaldean, 16:00etatik aurrera, Tolosako Usabal kiroldegian jokatu beharreko partiduan. Aurretik ere neurtu dituzte indarrak talde biek Euskadiko Kopako partiduan eta, orduan nagusitu ziren moduan, helburu bera izango du orain ere Hierros Servando Eibar Eskubaloiak. Fernando Fernandezen taldeak jokalari guztiak izango ditu bidaiatzeko prest, Xabi Azkonizaga eta Ander Ballesteros zalantza badira ere, arazo fisikoak tarteko. Tolosako taldeak larrua garesti saldu izan du beti eta oraingoan ez da gutxiago izango, taldea gaztetu arren Iker Elola eta enparauek inoiz ez dutelako amore ematen.


Eibar Eskubaloiko beste talde batzuk, ordea, etxean izango dituzte partiduak, lagunartekoak euren kasuan. Horrela, bihar goizean Mecalbe emakumezkoen taldeen ordua izango da: seniorrek Bera Bera Euskadi hartuko dute 12:30ean eta bi ordu lehenago kadeteen taldeak Urdaibai jasoko du. Hierros Servando jubenilen taldeak, bestalde, Urdaibai Gazteluperen bisita izango du arratsaldez, 17:00etan hasiko den norgehiagokan. Aipatutako partiduak Ipurua kiroldegian jokatuko dira.