Hierros Servando Eibarrek Helvetia Anaitasuna liderra hartuko du gaur Ipuruan

Hierros Servando Eibarrek Helvetia Anaitasuna liderra hartuko du gaur Ipuruan
2021/01/29 eta kitto!

Eskubaloiko 1. Nazional mailako partiduan, eibartarrek bere sasoian atzeratutako partidua jokatuko dute gaur 19:45ean Ipurua kiroldegian orain arte jokatutako partidu guztiak irabazi dituen liderraren aurka. Talde nafarrak indar erakustaldia eskaini du orain arteko norgehiagoka guztietan eta hamar goleko aldeaz nagusitu da euretako askotan.


Ez da asteburu honetan izango duten erronka bakarra Fernando Fernandezen mutilentzat, domeka eguerdian euren atzetik (sailkapenean laugarren) duten Beti Onak ere jasoko baitute eszenategi berean, oraingo horretan asteburuko jardunaldiari dagokion partidua jokatzeko.


Fernandoren taldea ez da Eibar Eskubaloiko ordezkari bakarra izango asteburuan partiduak jokatzen. Aurreko asteburuan euren txapelketak hasi zituzten beste talde batzuk ere neurketak izango dituztelako. Horrela, Hierros Servandoren bigarren taldeak Ordizia Siglo XXI Plater Prestatuak hartuko du Ipuruan bihar 16:45ean eta jubenilen taldeak Hettich ZKE jasoko du ordu batzuk lehenago, 11:30ean. Emakumezkoen taldeek, bestalde, kanpoan jokatuko dituzte euren partiduak: Grupo Mecalbe Eibarko jubenilek Ormaiztegiren aurka jokatuko dute bihar 11:00etan Zubipe kiroldegian eta kadeteen taldeak Ereintza Aguaplast bisitatuko du arratsaldeko 15:30ean Beraungo frontoian.


Eibar Eskubaloitik gogoratzen dutenez, etxeko partidu guztiak euren Youtube kanalean izango dira ikusgai zuzenean.