Hierros Servando gero eta sendoago lidergoan

Hierros Servando gero eta sendoago lidergoan
2020/10/27 eta kitto!

Fernando Fernandezen taldeak hutsik gabeko denboraldia jarraitzen du egiten, jokatutako partidu guztiak irabazita. Bide horretik jo zuen aurreko zapatuan ere eta, batez ere burututako defentsa lan bikainari esker, garaipen argia lortu zuen Barakaldoren aurrean, “hori bai, markagailuak erakusten duen neurketa borrokatuagoan”, entrenatzailearen esanetan. Urban Cavero Barakaldokoek hamalau gol besterik ez zituzten lortu eta, aurreko asteetan Fuentesek bikain jardun bazuen eibartarren atea zaintzen, oraingoan Ander Ballesterosek partidu ikaragarria egin zuen, ia hogei geldiketa eginez. Etxekoen aldeko 20-14a erakusten zuen markagailuak amaieran, beste behin ere Hierros Servandokoen artean ondo banatutako golei esker; arlo horretan betiko Mikel Zuloagak oraingoan Xabier Azkonizaga hegalekoaren laguntza izan zuen, biak lau golekin amaitu baitzuten. Emaitza horrekin, jakina, eibartarrek lidergoan jarraitzen dute, eta bakarrik une honetan, kontuan izanda jardunaldi ezin arraroagoan bakarrik bi partidu jokatu zirela koronabirusaren ondorioz.