Hilaren 25ean Herri Txiki ibilbidearen bosgarren irteera egingo dute Deporreko mendizaleek

Hilaren 25ean Herri Txiki ibilbidearen bosgarren irteera egingo dute Deporreko mendizaleek
2023/03/17 eta kitto!
Hurrengo asteko zapatuan egingo dute Betelunetik irten eta Amezketaraino eramango dieten 18,3 kilometroko ibilbide hori, tartean 1.430 metroko Intxaren Dorrea gaindituz. Igotzeko eta jaisteko desnibel pilatua oso antzerakoa da: 1.255 metro igo eta 1.288 jaitsi. Izena emateko, betikoari jarraituz, interesatuek Klub Deportibora jo dezakezue martitzen eta eguenetan (19:30-20:30) edo, bestela, 943 20 19 04 telefono zenbakira deitu.

Aurreko zapatuan Herri Txikiren ibilbideetako laugarren etapa egin zuen 39 mendizalek osatutako taldeak. Leitzatik Betelura egindako bidean Okabio, Axusta, Guratz, Añalde, Malkorranundi eta Elosta gailurrak egin zituzten. Azken horretatik Aralarko Malloak ikusteko aukera bikainaz gozatu zuten.  Zeharkaldian zehar, “pottokak, zaldiak eta putre asko” ikusteaz aparte, erreferentzi historikoez ere jabetu ziren: “Gorritin, esaterako, lehen gaztelu bat egondako lekuan Santa Barbara baseliza ikusi genuen eta bertako monumentua”.