Hiru pilota partidu eta paletako bat bihar arratsaldeko Astelenako jaialdian

Hiru pilota partidu eta paletako bat bihar arratsaldeko Astelenako jaialdian
2023/02/02 eta kitto!
Eibarko Klub Deportiboko pilotariak protagonista izango dira bihar arratsaldez, 19:00etatik aurrera, Katedralean jokatuko diren lau partiduetan. Horietako hiru Udaberri Torneokoak izango dira eta bestea Gipuzkoako Txapelketari dagokiona. Jaialdia hasteko, eskuz binakako Udaberrikoan, kadeteen mailako lehia izango da: Urkiaga-Araolaza (Eibar) vs Aranguren- Iturralde (Azpeitia). Bigarren norgehiagokan, Gipuzkoako Txapelketakoan, infantilen errendimendu mailan: Del Rey-Gil (Eibar) vs Aranburu-Iturbe (Antzuola). Hirugarren partiduak, Udaberri Torneora bueltatuz, helduen artekoa hartuko du: Narbaiza-Agirresarobe (Eibar) vs Uribetxeberria-Zugasti (Aretxabaleta). Azkenik, laugarrenean, Udaberrikoa baina paletan honako bikoteek jardungo dute, nor baino nor: Soria-Guinea (Eibar) vs Etxebeste-Lizarazu (Donostia).

Eskuz Binakako Gipuzkoako Txapelketan zein Udaberri Torneoan laugarren jardunaldiaren aurrean gaude asteburu honetan. Gipuzkoakoan Errendimendu mailan jokatzen diharduten Klub Deportiboko bi ordezkariek bigarren eta hirugarren postuetan daude. Del Rey-Gil bikoteak Astelenan jokatuko duen bitartean, Amillategi-Varona bikoteak Azkoitian izango du partidua, horrek ere bihar. Udaberri Torneokoan Urkiaga-Araolaza bikoteak Astelenan jokatuko duen bitartean, bere multzoan lehenengo postuan dagoen Azpilikueta-Gisasola bikoteak Tolosan izango du neurketa. Azkenik, helduen mailari dagokionez, Narbaiza-Agirresarobe bikoteak Astelenan jokatuko du. Maila berean, Azkargorta-Conde bikotea lider jarraitzen du, azken hiru partiduetan nagusituta, baina asteburu honetan atseden hartuko du.