Jaialdi handia antolatu dute domekarako Astelena frontoian

Jaialdi handia antolatu dute domekarako Astelena frontoian
2020/10/29 eta kitto!

Pilota munduak azken aldian bizi izan dituen arazoak (batzuk behintzat, greba bat tarteko) atzean lagata, enpresek hainbat jaialdi antolatu dituzte astebururako. Tartean dago Eibarko Astelenan domekarako prestatutakoa, pilotazaleak biltzeko neurketa ezin aproposago batekin: horko partidu nagusian Baikoko Aimar Olaizolak eta Jon Ander Albisuk osatutako bikoteak Aspeko Jokin Altunak eta Jose Javier Zabaletak osatutakoaren aurka jokatuko du. Ikusten denez, ez da erraza maila handiagoko neurketarik antolatzea. Jaialdiari hasiera emango dion norgehiagoka ere ez da nolanahikoa: hor Agirre eta Erasun izango dira Baiko ordezkatzen eta Pello Etxeberria eta Untoria pilotariek osatutakoa aurkeztuko du Aspek. Ohikoari jarraituta, domekako jaialdia arratsaldeko 17:00etan hasiko da eta bizi dugun pandemia egoerak eskatzen dituen neurri guztiak hartuko dituzte.