Josetxo Varela (Kirol Patronatua): "Uretako 120 ikastaro eta 13 ekimen eskainiko ditugu ikasturte honetan"

Josetxo Varela (Kirol Patronatua): "Uretako 120 ikastaro eta 13 ekimen eskainiko ditugu ikasturte honetan"
2021/09/27 eta kitto!
Josetxo Varelak Kirol Patronatuaren uretako zerbitzuen ardura darama hainbat urtetan. Berak dioskunez, “helduentzako aktibitateen egitaraua irailaren 1ean bertan abiatu genuen eta umeen igeriketa egitaraua hilaren 6an”. Ikastaroetan izena emateko epea ekainean zabaldu bazen ere, irailean bada oraindik jardueretan parte hartzeko asmoarekin gerturatzen denik: “Hori dela-eta, gerta daiteke iraliean ikastarorik hasi ez eta gero urrian hastea".

Eibarko  Udal Patronatuko uretako eskaintzak “nolabaiteko normaltasunarekin” hasi dira ikasturte berrian, 120 ikastaro, 13 ekimen desberdin eta mila lagunetik gorako parte-hartzaileekin. Azken ikasturteak zailtasunez beterik egin zuelako aurrera, “murrizketen eraginez talde gehienek euren jarduerak asteroko saio bakarrera mugatu behar izan zituztelako, aurreko ikasturtetik izena emanda zutenei tokia egiteko”. Egoera horrek, bizi izandako testuinguruari lotuta, “erabiltzaileen kopurua %25 jaistea ekarri zuen”.

2021-22 ikasturterako aktibitateen eskaintza ohiko dinamikara itzuliko da “kasu gehienetan”, hau da, astean bi egunetara, eta zortzi laguneko taldeekin, “ohikotik pixka bat behera”.

Badira berritasunak
Uretako multi-aktibitatea izango da oraingo berritasun handiena jardueren arloan. Egitarau hori batez ere behe mailako egoera fisikoan daudenei zuzenduta dago. Euren egoera fisikoa eta osasuna mailaka hobetzeko, “inpakturik gabeko modu seguru eta entretenigarria eskaintzen zaie” uretan sartuko diren elementu berriekin: errodatzeko tapiza, eliptikoa, bizikletak, step-ak... Uretako gimnasioa ere berritasuna da eta hor igerilekuko edozein aktibitatetan izena eman dutenek barixakuetan espazioa izango dute aipatutako material horiek erabiltzeko dohainik.

Bestelako egitarauei dagokienez, indarrean jarraituko dute Acuabike, Acuafittness, Acuasalud, Acuaespalda eta Acuarunning aktibitateak. Acuabike-k spinning-aren antza badu ere, goiko gorputz-adarrak gehiago lantzen ditu, kaloriak erretzeaz gain; acuafittness-a oso konpletoa da, urak egiten duen erresistentzia aprobetxatuz, eta musikaren erritmora, gorputz guztia lantzeko aukera ematen baitu, gutxinaka tonu muskularra eta erresistentzia hobetzen joateko; acuasalud egitarauarekin nagusienek ur-gimnasia egin dezakete uraren flotagarritasuna alde dutela; acuaespalda, izenak dioen bezala, bizkarreko mina eta arazoak    dituztenentzako ezin egokiagoa da; eta acuarunning-ean lasterketak egiteko hainbat era eskaintzen dira, posturak, koordinazioa eta sistema kardiobaskularra lantzeko, flotatzeko gerrikoez lagunduta. Azken aktibitate hori 1, 2, 3 Sasoian egitarauarekin lotzen da saioaren hasieran.

Heldu eta umeen igeriketa
Helduentzako igeriketa egitarauari ere eusten diote Kirol Patronatuan. Varelak dioskun bezala, “hor hiru maila daude: hastapenekoa, oinarrizkoa eta aurreratua. Eta eskaintza zabala da, bai Ipuruan eta baita Orbean ere. Gainera, gure ordutegiak ez badira nahikoak, beti eskatu daiteke igeriketa ikastaro pertsonalizatua, izan lagun batentzat edo talde batentzat, aurretik egunak eta orduak lotuz gero irakaslearekin. Ezin dugu ahaztu igeriketa egokituaren eskaintza ere, dibertsitate funtzionala dutenentzat prestatua”.

Umeendako igeriketaren arloan, handitu egingo da  azken ikasturteko taldeen kopurua, batez ere Ipuruan eta eskaintza handiagoarekin 2018an jaiotako “zapaburuentzat”. Bestelako mailetan ohiko eskaintzara itzuliko dira, astean egun bateko eta biko taldeekin, “baina plaza batzuk gutxiagorekin taldeetan”. Laguntza gehiago behar duten dibertsitate funtzionaleko umeei egokitutako igeriketak ere jarraituko du. “Igela” mailatik aurrera, aipatutako aktibitateak Eibar Igerixan-ek (igeriketa eta igeriketa egokitua) eta Eibarko Urbat-ek (waterpoloan) eskaintzen dituzten taldeekin osa daitezke.