Juggerreko Munduko Txapelketa Eibarren jokatuko da uztailean

Juggerreko Munduko Txapelketa Eibarren jokatuko da uztailean
2023/01/20 eta kitto!
Uztailaren 21etik 23 Juggerreko World Cup Championship jokatuko da Unben. Suedia, Kolonbia, Alemania, Frantzia, AEB, Irlanda, Australia, Mexiko, Danimarka eta beste hainbat herrialdetako taldeek hartuko dute parte bertan, guztira 500 lagun inguru arituko direlarik, antolatzaileen ustez.

Txapelketa hiru fasetan banatuko da: sailkapena, berrantolaketa eta kanporaketak. Horrela, taldeak hiru tokitan banatuko dira, egunero 9:00etatik 17:00etara jokatzeko. Finala uztailaren 23an jokatuko da, 15:00etan.

 

Txapelketa eta ekintza gehiago

Munduko Txapelketa Eibarrera ekartzeko ekimena Arima Galduak taldetik irten da. “2021an gurekin harremanetan jarri ziren eta ideia ona zela iruditu zitzaigun. Lehen aldia da Juggerreko Munduko Txapelketa Espainian jokatzen dela eta, oker ez banaiz, lehen aldia da Eibarren Munduko Txapelketa bat jokatzen dena”, Jon Iraola alkatearen berbetan. “Ekimen honen bitartez juggerra gehiago ezagutzera emateko aukera emango dugu eta orain buru-belarri gabiltza lanean txapelketa behar bezala prestatzeko”, gehitu du gaur goizeko aurkezpenean.

Txapelketa antolatzeko proposamena Eibar Europako Kirol Hiria izateko ekimena martxan jarri aurretik egin zuten, baina izendapen hori jaso ondoren, pauso bat gehiago eman dute txapelketaren antolakuntzan. Horrela, lehiaketa antolatzeaz gain, horren inguruan zenbait ekintza egitea aurreikusten dute, kirola ezagutarazteaz gain, bisitariek herrian egun onak pasatzeko.

 

Joko dinamikoa

Juggerra Alemanian 1990. hamarkadaren hasiera sortu zen kirola da. Arima Galduak taldekoek esan dutenez, “oso dinamikoa da, pilota-jokoa eta borroka uztartzen ditu, kiroltasuna gailentzen da, eta emakumezkoen eta gizonezkoek elkarrekin jokatzen dute”. Errugbiarekin antzekotasunak baditu ere, esgrimaren kutsua era badauka, jokalarien arteko kontaktua txikituz.

Jokoaren azken helburua zelaiaren erdian pilota harrapatu eta etsaiaren basera eraman behar da tantoa egiteko. Talde bakoitzean bost jokalarik hartzen dute parte eta lau jokalarik elementu bat daramate arerioak neutralizatzeko. Beste jokalaria, ostera, pilota hartzeaz eta puntuak lortzeaz arduratzen da.

 

Arima Galduak

Eibarko Arima Galduak Euskal Herriko jugger talde bakarretakoa da. Taldea 2016ean eratu zen eta kluba 2018ean. Taldeak gorabeherak izan ditu eta, sasoi batzuetan 20 lagun elkartzen baziren arren, gaur egun zazpi lagun dabiltza aktibo gehien bat. Txantxa Zelaian entrenatu izan dute eta baita Bergara ere, eta Eibarko jendeaz gain, beste toki batzuetako kideak ditu.

Juggerra herrian zabaltzeko hainbat ekintza egin dituzte herriko eskoletan eta euren nahia gero eta eibartar gehiago taldera batzea da. Munduko Txapelketak helburu horretan lagundu dezake.