Kalamua Korrikalari Taldeak antolatutako Udaberritraila hilaren azken domekan jokatuko dute

Kalamua Korrikalari Taldeak antolatutako Udaberritraila hilaren azken domekan jokatuko dute
2023/05/17 11:03
eta kitto!
Hauteskunde eguna aukeratu dute Kalamua Korrikalari Taldekoek aurtengo Udaberritraila egiteko. Hilaren 28an goizeko 08:30ean abiatuko dira Depor aurretik eta, “Galdaramiño eta Azkonabieta inguruetatik” 15,8 kilometro eta 680 metro goranzkoa duen “ibilbide erraz eta polita” eginda toki berean amaituko dute proba. Horretarako “bi ordu eta erdi inguru” erabiltzea aurreikusten dute. Trail irteera doakoa bada ere, antolaketa lana errazteko beharrezkoa da izena ematea, “kalamuakorrikalaritaldea@gmail.com helbidera idatziz”. Betiko lez, mendia federatua egotea gomendatzen da eta baita “mendian korrika egiteko oinetakoak, mugikorra, zira, ura eta jateko zerbait” eramatea ere.

Ibilbidea egiteko Unbera joko dute eta, Altamirako bidegurutzetik, Galdaramiñora igoko dute. Ondoren, Azurtza gainetik Arraotzeko bidegurutzera egingo dute eta, jarraian, Karabietatik Azkonabitzara igoko dira. Hortik Basalgo alderako bidea hartu eta, pagaditxoa zeharkatuz, Arraotzetik Azurtzara jaisten den bidera irtengo dute. Gero San Salbadorrera joango dira eta, jarraian, Altamira baserriraino. Hortik Unbera zuzenean eta, amaitzeko, Deporrera berriro.