Kepa Lores, Ander Alberdi eta Iñaki Zabala, surflariak: “Debabarrenean surf harrobia sortu nahi dugu”

Kepa Lores, Ander Alberdi eta Iñaki Zabala, surflariak: “Debabarrenean surf harrobia sortu nahi dugu”
2020/07/03 eta kitto!
Kepa Lores, Ander Alberdi eta Iñaki Zabalak bere pasioa lanbide bihurtu dute. Hirukote eibartarrak ‘Ipar’ surf eta skate eskola sortu du Deban eta joan den asteburuan ireki zituen ateak. Pozik daude izan duen harrerarekin eta gogotsu daude Debabarrenean surfaren eta skatearen inguruko zaletasuna zabaltzeko. Debako hondartzako paseoan aurkituko dituzue, bainuetxea zegoen eraikinaren parean.

 

Nola sortu zen eskola zabaltzeko aukera?

KEPA: Uda askotan Deban surf ikastaroak eman ditugu eta elkarrekin surfean egiten dugu. Beti izan dugu hirurok zerbait sortzeko gogoa, ikusten genuen umeekin eta jendearekin orokorrean ondo moldatzen ginela, eta gure momentua iritsi zela pentsatu genuen. Azken bi hilabeteetan dena geldirik egon da eta zalantzak izan ditugu. Debako Udalak surf eskolentzako lizentzia bakarra zuen libre eta pentsatzen genuen guri emango zigutela, baina beste proiektu bat ere aurkeztu zen deialdira. Azkenean ebazpena gure aldekoa izan da, eta hilabete batzuetan zer gertatu zain eta geldirik egon ondoren, azken hiru asteetan gogor egin behar izan dugu lan guztia prestatzeko.

 

Debako Udalak laguntzarik eskaini dizue?

IÑAKI: COVID-19ak eragindako egoerak dena atzeratu du, baina Udalak ikusi du ekintzaileak garela eta herriari ondo egin diezaiokeela beste surf eskola bat egoteak. Beraz, laguntza eman digu eta, momentuz, gure karpa hondartzako paseoan jartzen utzi digu. Gero, obretan dagoen alboko eraikinaren beheko pisuan jarriko dugu lokala. Bertan dutxak, aldagelak eta bestelako erosotasunak izango ditugu, sasoi hotzagoak heltzen direnerako.

 

Beraz, uda eta gero ere jarraituko duzue?

ANDER: Urte osoan zehar martxan egoteko asmoa dugu.

I: Gainera, surfa egiteko aukera eskaintzeaz gain, skate egiteko aukera ere badago. Orain, uda sasoian, surfa da nagusi, baina neguan hotza eta euria egiten du eta badakigu jende gutxiago animatuko dela surf egitera. Beraz, skatea aukera bat da.

K: Ohiko surf eskolen egiturarekin apurtu nahi genuen. Normalean uda sasoian bakarrik zabaltzen dituzte ateak hasiberriei eta turistei surf egiteko aukera eskainiz, eta guk zerbait ezberdina egin nahi genuen. Haur eta gazteek urte osoan zehar foballean, eskubaloian edo beste hainbat kiroletan entrenatu dezakete, baina surf egiteko eta patinatzeko orduan ez dago aukera bera. Guri hori falta izan zaigu eta gure kabuz bilatu behar izan dugu kirol horiek egiteko modua. Era berean, barnealdeko herrietako jendeari ere surfa eta skatea egiteko aukera eskaini nahi diegu.

I: Debabarreneko surf harrobia sortu nahi dugu. Zarautzen badago harrobia eta horren erakusle da Aritz Aranburu, adibidez. Horren atzean lana dago, ez da trebetasun kontua bakarrik. Txikitatik entrenatu dituzten surflariak daude han. Deban ez dugu horrelakorik ikusi eta surflari onenak Zarautzera joan dira entrenatzera. Hutsune hori bete nahi dugu, talentu asko galtzen ari dela uste dugu-eta. Horretarako, asko mugitu gara, asko bidaiatu eta ikasi dugu, eta surf entrenatzaile izateko lehen mailako titulua atera dugu hobeto prestatzeko.

 

Zuek ere hasiberriak izango zineten noizbait. Zer gomendatzen diozue surfean hasi nahi dutenei?

A: Surfa oso kirol zaila da, denbora guztian zaude gauza berriak ikasten. Beraz, pixka bat burugogorra izan behar duzu eta behin eta berriz surfeatu. Surf eskola batera bazoaz, aurrerapauso handiagoak eman ditzakezu ikasteko orduan.

K: Eskaintzen ditugun materialak askoz aproposagoak dira ikasteko, eta aholkuak jasotzeak asko laguntzen du. Surfa itsasoaren, haizearen, marearen, hondoaren eta beste gauza askoren mende dago. Beraz, oso garrantzitsua da aholkuak ematen dizun pertsona bat alboan izatea eta uretan aurkitzen dituzun baldintzei ondo egokitzen zaizkien materialak erabiltzea. Guk taula txiki eta finekin ikasi genuen surf egiten, eta oso zaila zen tente jartzea. Gaur, adibidez, surfean inoiz egin ez duten 5-6 lagun etorri dira eta taula gainean tente jartzea lortu dute, materialei eta aholkuei esker. Hori zoragarria da eta jendea gehiago motibatzen da.

I: Azken finean, erreminta onak badituzu, hobeto egingo duzu lan. Gure sasoian, adibidez, ez genuen jakintza askorik eta taula politena erosten genuen (barreak). Garrantzitsua da gauzak pausoz pauso ikastea, bideo-jokoetan bezala pantaila batetik bestera pasatuz. Ez da egun batetik besterako kontua izaten, eskarmentua behar da.

K: Material on batekin lehen egunetik gozatu dezakezu. Nahiz eta antzeko kirolik sekula egin ez, sekula bizi izandako sentsazioak bizi ditzakezu eta horretaz gozatu dezakezu.

A: Bere gaitasunari egokitzen ez zaion taularekin urte askoan surfeatzen ari den jendea ikusi dugu. Horrela ezin izaten dute olatu asko hartu. Taula egokia erabilita askoz hobeto ibiliko lirateke.

I: Baina zaila da jendeari hori burutik kentzea. Telebistak min handia egiten du eta guztiok nahi dugu surflari onenek erabiltzen dituzten taulak erabiltzea. Taulak ez dizu mugatu behar, lagundu baizik.

 

Nolabaiteko maila duten surflariak ere jasoko dituzue?

A: Uda ondoren, olatu handiagoak hasten direnean, aukera hori emango dugu. Urriaren amaieran hobekuntza ikastaroak ematen hasiko garela uste dut.

 

Debako hondartzak nolako aukera ematen ditu surf egiteko?

A: Surf ikastaroak emateko Euskal Herriko hondartza onenen artean dago. Harri-lubeta aldean beste aldean baino olatu txikiagoak daude eta normalean ez dute indar askorik. Eta olatu handiak badaude, apurtzen direnean hartu eta kitto. Surf egiten ikasteko oso hondartza erraza da Debakoa. Toki askotan eman izan ditut ikastaroak (Australian, Balin…) eta esan beharra dut Deba toki perfektua dela surf ikastaroak emateko.

K: Gainera, haizearengatik eta baldintza txarretatik ondo babestuta dago.

A: Zarautzen edo Donostian baldintza txarrak dauden egunak, hemen egun onenak izaten dira.

 

Zenbateraino dira antzekoak surfa eta skatea?

K: Ez asko. Antzeko estiloa dute, bata egiteak bestea egiten lagundu ahal dizu, baina kirol ezberdinak dira.

A: Surfa askoz ere zailagoa da. Skatean ondo ibiltzea zaila da, baina pare bat egunetan patinetean mugitzen ikasi dezakezu. Surfean, ordea, bainu asko behar dituzu.

I: Dena dela, kirol osagarriak dira. Guk kirol biak egin ditugu beti. Askotan ibili gara patinetean Eibartik eta horrek eskarmentua, segurtasuna eta oreka eman digu taularen gainean.

 

Eibarren ezin da surfik egin, baina skatea bai. Zerbait pentsatu duzue?

I: Armeria Eskolarekin berba egiteko asmoa dugu bertan zirkuitu batzuk sortu eta patinetean ibiltzeko. Aukera polita da skate egiten ikasteko eta gero, ikasitakoan, skate-parkeetara joan gaitezke.

A: Hasiera batean eskola Eibarren sortzea zen gure asmoa eta Eibartik jendea mugitzea (hondartzara, skate-parkera…). Baina Debako aukera sortu zitzaigun eta proiektua aldatu genuen. Eskola kostan dago, baina neguan barnealdera joateko asmoa dugu.