Kirol-taldeak eta gimnasioak nor baino nor ‘Antxitxika Eibar’ erronkan

Kirol-taldeak eta gimnasioak nor baino nor ‘Antxitxika Eibar’ erronkan
2023/04/28 eta kitto!
Eibarko Udalak eta Azitaingo poligonoan egoitza duen Wellk startup-ak indarrak batu dituzte berriz ere ‘Antxitxika Eibar’ erronkaren bigarren edizioa antolatzeko. Iaz egin zuten ekimenarekin alderatuz, ostera, berritasunak aurkeztuko dituzte aurtengoan. Izan ere, lehia taldeka egingo da eta herriko 11 kirol-talde eta gimnasio ibiliko dira lehian, edonork parte ahal izango duen arren.

 

Eibartarren artean jarduera fisikoa sustatzeko eta herriko kirol-talde eta gimnasio ezberdinetako pertsonen arteko interakzioa bultzatzeko asmoz, Eibarko Udalak ‘Antxitxika Eibar: Klubak’ erronka antolatu du Wellk startup-arekin batera.

Erronkan herriko 11 kirol-taldek eta gimnasiok hartuko dute parte eta bete behar duten helburua sinplea da: jarduera fisikoa eginez, klubetako kideek ahalik eta kilometro gehien egitea. Hau da, parte-hartzaileek klub baten izenean hartuko dute parte eta egiten dituzten kilometroak klubaren kilometro kopuruari gehituko zaizkio.

Hori bai, erronkan parte hartzeko ez da beharrezkoa izango kirol-taldeetako kidea, gimnasioetako bazkidea edo eurekin harremana edukitzea, edonork har baitezake parte kluben kodea erabiliz.

Hauek dira erronkan parte hartuko duten 11 klubak eta gimnasioak, eta Wellk aplikazioan talde hauen izenean parte hartzeko erabili behar diren kodeak: Eibartarrak Futbol Taldea: EIBARTARRAK; Eibarko Klub Deportiboa: DEPORTIBOA; Ttatt gimnasioa: TTATT; Club Deportivo Urki: URKI; Eibar Rugby Taldea: RUGBY; Arima Galduak Jugger: ARIMAGALDUAK; Urbat Waterpolo Kirol Elkartea: URBAT; Crossfit Eibar: CROSSFITEIBAR; Bali Eibar: BALIEIBAR; Go Eibar: GOEIBAR eta Inda gimnasioa: INDA.

 

Nola hartu daiteke parte?

Wellk-ek bere webgunean pausoz pauso azaltzen du zer egin behar den erronkan izena emateko eta parte hartzeko, baina hurrengo lerroetan laburbilduko dugu jarraitu beharreko bidea.

Lehenik eta behin, telefono mugikorrean Wellk aplikazioa deskargatu behar da well.eus webgunean, edo App Store edo Play Store erabiliz.

Bigarren pausoa zure Wellk aplikazioan zure burua erregistratzea da. Horretarako, pantailan agertzen diren jarraibideei heldu behar zaie, galderak osatu eta, ondoren, aplikazioa pertsona bakoitzaren gustuetara ahalik eta gehien pertsonalizatu.

Erregistratu ondoren, egin beharreko hirugarren gauza zure kluba edo gimnasioa aukeratzea da. Hau da, egingo dituzun kilometroak zein taldek pilatzea nahi duzun erabakitzea. Horretarako, orri nagusian, erronken ikurra sakatu behar da (kopatxo baten itxura duena), taldeak atalean ‘Talde batera batu’ sakatu eta, bertan, lehen aipatutako kodeak sartu behar dira bat egiteko.

Hurrengo pausoa literala izango da, hori baita erronkaren helburua, ahalik eta pauso gehien ematea. Aplikazioari zenbat pauso egiten dituzun jakinarazteko hiru modu daude. Batetik, Wellk aplikazioari esan ahal diozu ariketa fisikoa egitera zoazela eta berak GPSa aktibatu eta egindako kilometroen kontaketa egingo du. Horretarako, beheko menuko ‘+’ ikurra sakatu behar da, hurrengo pantailan ‘GPS bidez’ aukeratu, egingo duzun kirola zehaztu (paseoa, txakurra paseatzea, korrika, martxa nordikoa, mendi ibilaldia, bizikleta...) eta, martxan jarri behar zarenean, ‘play’ sakatu. Amaitzerakoan, ostera, ‘pause’ eman, gero ‘bukatu’, ‘gorde’ eta kitto.

Bigarren aukera egindako kilometroak eskuz sartzea da. Eta hirugarrena, Strava, Fitbit eta horrelako aplikazioetan jasotakoa Wellk-era bidaltzea. Izan ere, askok aplikazio hauek erabiltzen dituzte euren kirol-jarduerak erregistratzeko eta, horrela bada, aplikazio horietan jasotakoa Wellk-ekin sinkronizatu daiteke. Horretarako, Wellk aplikazioaren orri nagusian, gure profilaren atalera joan behar gara (pertsona baten itxura duena); bertan, tresnen atalean sartu behar da; eta han, nahi ditugun kontuak sinkronizatuko ditugu bertako pasahitz eta erabiltzailea erabiliz.

 

Hasierako ekitaldia eta sariak

Atzo eman zitzaion hasiera erronkari eta maiatzaren 25era arte egongo da kilometroak egiteko aukera. Horrela, hasiera emateko, ekitaldi berezia egin zuten Untzagan. Parte-hartzaileak klubetako elastikoak jantzita joan ziren erronkaren lehen kilometroak herriko kaleetan barrena egitera eta zenbait sari banatu zituzten.

Atzoko sariez gain, erronka amaitzen denean sari gehiago banatuko dituzte. Horrela, kilometro gehien pilatzen dituen klubak 250 euroko saria jasoko du Eibarko Udalaren eskutik, taldeak egiten duen jarduerarekin lotutako kirol-materiala erosteko. Gainera, Eibarko dendetan erosteko bi bonu ere zozketatuko dira, 50 eurokoa bakoitza, kilometro gehien lortzen dituen klubetako parte-hartzaileen artean. Hori bai, zozketan parte hartzeko gutxienez 25 km erregistratu behar dira eta, geroz eta kilometro gehiago egin, aukera gehiago egongo dira zozketa irabazteko.