Launa entrenamendu saio dituzte asteon Eibar KE-ko lehen talde nagusiek

Launa entrenamendu saio dituzte asteon Eibar KE-ko lehen talde nagusiek
2023/01/16 eta kitto!
Gizonezkoen taldeak zapatuan jokatuko du oraingoan eta han jarriko du berriro jokoan bere lidergoa, Ponferradako El Toralin futbol-zelaian. Bertako Ponferradinaren aurkako neurketa 16:30ean hasiko da. Partidu horretarako entrenamendu saioak gaur hasi dituzte Atxabalpen 11:00etan. Bihar atseden hartuko dute eta etzi (11:30ean) eta etzidamuko (11:00etan) saioen ondoren, barixakuan Ponferradara bidaiatuko dute. Zapatuan partidua jokatu eta, handik buelatan, aste honetako azken saioa izango dute zain domekan Atxabalpen 11:00etan.

Emakumezkoen lehen taldeak, bestalde, Albaceten bana berdindu eta gero, lidergoa galdu du Deportivoren mesedetan eta ez zaio komeni lehen postuaren bila joateko hari hori galtzerik. Gaur atsedena izango dute eta gauza bera barixakuan. Bihar, bestalde, 11:15ean entrenatuko dute Ipuruako anexoan, eta eguaztenean eta eguenean Unben egingo dituzte saioak, 11:30ean hasita. Partidu aurreko azken entrenamendu saioa Ipuruako anexoan izango dute berriro zapatuan, 12:30ean hasita, eta domeka goizean, 11:30ean, Dux Logroño hartuko dute Unben.