Laura Olmo (foballaria): agur 18 urteko jardunari

Laura Olmo (foballaria): agur 18 urteko jardunari
2016/07/22 eta kitto!
Bizitza erdia baino gehiago eskaini dio foballari Laura Olmok. Lauri 13 urte zituela hasi zen Urkin jokatzen eta orain, 31rekin, foballa lagatzea erabaki du, “ondorengoei tartea lagatzeko”. Urkitik Eibar FT-ra egin zuen jauzi eta azken talde horretan agurtu du egindako ibilbidea, “tartean Elgoibarko
jokalaria” izan bada ere. Oraindik ez daki zelan egingo dion aurre denboraldi berriari: “Foballaren falta larregi nabarituko ote dudan beldur pixka bat badut”.

Goizez ikasten dihardu eta arratsaldez beharrean. Eguna beteta du Laurik eta foballean jardundako 18 urteei agur esatea erabaki du. Laura Olmo ez da geldirik egotekoa: “4 urtetik 13 urtera arte gimnasia erritmikoa egin nuen eta, foballa lagata ere, gimnasiora joaten naiz, bizikletan ibiltzen naiz...”. Badaki zer den ondo zaintzea, “gimnasia erritmikoak asko eskatzen duelako”. Hala ere, txikitatik izan du foballa gustoko eta gimnasia futbitoarekin partekatzen zuen.

Urkin eman zituen lehen urratsak foballean: “Bost urte egin nituen taldean eta, gazteena izanik ere, kapitaina izatera heldu nintzen”. Gero zortzi urte egin zituen Eibar FT-n. Ondoren, hiru urteko tartea izan zen, “Elgoibarko taldearekin jokatzen eman nituenak”. Berriro ere Eibarrera bueltatzeko. Hor egin ditu azken bi urteak, foballa lagatzeko erabakia hartu duen arte: “Beteranoena ere banintzen eta atzetik datozenak indartsu datozela ikusi dut”. Beti jokatu izan du erditik hasi eta aurreragoko postuetan: “Punta-erdian, aurrean, alboetan... toki askotan jokatu izan dut”. Erasoan izanda, jakina, golak sartzea ez da ezohikoa izan berarentzat: “Horrelako uneetan sentitzen duzuna ez da erraza adieraztea. Egindako ekarpenaren proba izango litzateke. Azken batean, taldekide guztiek egindako lanaren emaitza da”. Une onenak Eibarrekin bizi izan zituen, “Superligan jokatu genuen denboraldi bakarrean, kontutan izanda aurkarien maila handia”. Hala ere, ez du ahazten Elgoibarko etapa: “Kopa irabazi genuen, hurrengo denboraldian Liga eta Kopa, eta Euskal Ligara igotzea lortu genuen. Gainera, bitan izan nintzen goleatzaile nagusia”. Horrez gain, Eibar FT-k ordura arte gure herriko emakumezkoen foballa hainbeste sustatu zuen Eibartarrak taldea bereganatu zuenean, Laurik sartu zuen talde berriaren historiako lehen gola “Athletic-en aurka jokatutako lagunartekoan”.

Berak foballari emandakoa ordainean jaso duela dio: “Nire bizitza horren inguruan antolatu izan dut orain arte: entrenamenduak, asteburuak... Jende asko ezagutu dut eta inorekin ez dut arazorik izan”. Hala ere, bere burua ondo estutu du behin baino gehiagotan: “Partidu kaskar baten ondoren, zenbat buelta buruari!”. Hori bai, partidua hasi aurreko betiko urduritasuna epailearen txistua entzutearekin batera desagertu izan zaio beti. Itxaropentsu ikusten du emakumezkoen Eibar FT-ren etorkizuna (“ondo fitxatuko dutelakoan nago eta eutsiko diote 2. mailari”) eta baita, orokorrean hartuta, emakumezkoen foballarena ere (“lehen askoz zailagoa zen jokalariak aurkitzea eta, gutxinaka bada ere, aurrera dihardu egiten”).

Emakumezkoena telebistan ikusteko hain aukera gutxi izanik, “gizonezkoena jarraitzen dut. Griezmann dut gustoko eta pozten naiz egin duen Eurokoparengatik. Txapelketa kaskarra izan da benetan, azkenean kaskarrenetan kaskarrenak irabazteko”. Laurik ez du ahazteko “partidu guztietan nirekin izan ditudan aita eta ama, Naiara, Leire, lagun guztiak, erakutsi didaten entrenatzaileak, hartu nauten klubak eta nire haserreak jasan izan dituzten inguruko guztiak”.

lauri sariarekin

lauri regate

lauri porterixan

lauri ta putrea