Lezaman irabazi ondoren, Eibar FT-k bi partiduko asteari egingo dio aurre

Lezaman irabazi ondoren, Eibar FT-k bi partiduko asteari egingo dio aurre
2023/01/30 eta kitto!
Eibar FT-ko emakumezoen lehen taldeak Ligako bi partidu jokatuko ditu aste honetan, biak ere Unben, etzi Osasunaren aurka, arratsaldeko 17:00etan hasiko den norgehiagokan, eta domekan A Coruñako Deportivoren kontra, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Partidu horiei begirako aste planean, gaur 10:45ean entrenamendu-saioa hasi dute Unben eta bihar toki berean izango dute bigarrena, 11:30ean hasita. Osasunaren aurkako partidua jokatu eta gero, eguenean atseden hartuko dute, barixakuan Unben entrenatuko dute 11:30etik aurrera eta zapatuan, 12:00etan hasita, Ipuruako anexoan egingo dute Deportiboaren aurka jokatu aurretiko azken saioa.

Bi partidu horiek garrantzi handia izan dezakete, gainera, igoerako postuei begirako sailkapenean, bai nafarrak bai galiziarrak aurkari zuzenak direlako eibartarrentzat borroka horretan. Parekotasun handia dago, gainera, goiko postu horietan, eta une honetan Deportivo, Cacereño eta Eibar berdinduta daude goren-gorenean. Horren adibide da azken jardunaldian hiru talde horiek lortutako emaitzak, hirurek 1-0 irabazi zuten-eta. Yerai Martinen taldea Lezaman nagusitu zen Bilbao Athletic-en bigarren taldearen aurrean, 71. minutuan Andrea Alvarezek lortutako golari esker. Deportivok Osasunari irabazi zion Iruñean eta Cacereñok 1-0 irabazi zion Granadillako bigarren taldeari. Eibarrek orain arte jokatutako 17 partidutan, bederatzi garaipen, zazpi berdinketa eta porrot bakarra izan du.