Lourdes Oiartzabal eta Oier Ariznabarreta garaile Eibarko Duatloian

Lourdes Oiartzabal eta Oier Ariznabarreta garaile Eibarko Duatloian
2015/03/09 eta kitto!

Aurreko zapatuan (martxoak 7an) jokatutako XXIV. Eibarko Duatloian Lourdes Oiartzabal (Antxintxika Servimasa T.T.) lezotarrak jantzi zuen txapela emakumezkoetan, proba 1:01:49 denboran amaituta. Aitziber Urkiola eibartarrak, berriz, ezin izan zuen etxeko podiumera igo, laugarren postuan helmugaratu zen eta (1:05:51). Gizonezkoen kategorian, bestalde, Oier Ariznabarreta durangarra (Mugarra T.T.) nagusitu zen (0:52:24). Asteburuan gurean jokatutakoa Euskal Herriko zirkuiturako baliagarria den laugarren proba izan zen eta sprint distantzian (5km-19km-2.5km) egin zen, Eibar Triatloi Taldeak, Gipuzkoako Triatloi Federazioak eta Euskadiko Triatloi Federazioak antolatuta. Sailkapenak ikusteko Euskadiko Triatloi Federazioaren webgunera jo daiteke. Probako argazkiekin bilduma igo dugu …eta kitto!-ren Facebook-eko orrialdera.