Mecalbe Eibar Eskubaloiko bi talde nagusiak galtzaile izan ziren asteburuan

Mecalbe Eibar Eskubaloiko bi talde nagusiak galtzaile izan ziren asteburuan
2023/03/20 eta kitto!
Lehen Maila Nazionalean jokatzen duen gizonezkoen taldeak 23-27 galdu zuen Casademont Zaragoza sailkapeneko bigarrenarekin Ipuruan, partidu guztian markagailuan aragoiarren atzetik joan ondoren. Emaitza horrekin eibartarrek postu bat galdu dute sailkapenean, eta laugarrenetik bosgarrenera jaitsi dira. Hori bai, norgehiagokako goleatzaile nagusia Mikel Zuloaga izan zen beste behin eta, modu horretan, multzoko onena izaten jarraitzen du arlo horretan.

Ohorezko Zilarrezko Mailan jokatzen duen emakumezkoen taldeak, bestalde, porrot argiagoa jaso zuen Castrora egindako bisitan, Castro Urdialesen aurrera 33-22 makurtu behar izan zuen eta. Eibartarrek lan bikaina egin zuten lehen zatian, aurretik jartzeraino, baina bigarren zatiko 18-6ko partzialak ez zien inolako aukerarik eman. Ane Treviño izan zen armagin ornena, lau golekin. Castroko Mendia Ibañezek zortzi lortu zituen, modu horretan txapelketako onena dela erakutsiz.