Mecalbe Eibar Eskubaloiko bi talde nagusiek zapatu arratsaldean jokatuko dituzte partiduak

Mecalbe Eibar Eskubaloiko bi talde nagusiek zapatu arratsaldean jokatuko dituzte partiduak
2023/03/23 eta kitto!
Ezin gertuagoko aurkariak izango dituzte Mecalbe Eibar Eskubaloiko gure ordezkari nagusiek. Ohorezko Zilarrezko mailan jokatzen duen emakumezkoenak bihar 18:30ean hartuko du Lauko Ermuko Errotabarri taldea Ipuruan. Bizkaitarrak Mecalbekoak baino hobeto daude kokatuta sailkapenean, erdialdean, eta lehenengo itzulian arazo handirik gabe gailendu ziren. Cristina Vivar eta Mirene Moreno dira kanpotarren jokalari nabarmenenak eta kontu handiz zaindu beharko dira. Denboraldia amaitzeko hiru jardunaldiren faltan puntu horiek mesedegarriak izan daitezke eibartarrentzat.

1. Maila Nazionalean jokatzen duen gizonezkoen Mecalbe Eibar Eskubaloiak, bestalde, Alcorta Forging Group Elgoibar taldeari egingo dio bisita ordubete geroago, Olaizaga kiroldegian 19:30ean hasiko den partiduan. Zurigorriak azkenak dira sailkapenean, orain arte bakarrik bi partidu irabazi eta beste bi berdinduta, eta eibartarrak, bosgarren sailkapenean, faborito argiak dira partidua euren alde bihurtzeko, lehen itzulikoan egin zuten bezala. Markel Orbea da goleatzaile nagusia aurkarien taldean.