Mikel Azkargorta, pilotaria: “Udaberriko Txapelketan finalera iritsi nahi dut lehengusuarekin”

Mikel Azkargorta, pilotaria: “Udaberriko Txapelketan finalera iritsi nahi dut lehengusuarekin”
2019/02/01 eta kitto!
XXIV. Eibarko Kirol Sarietan garaikurra eskuratu zuen Mikel Azkargorta pilotariak, 2018. urtea borobiltzeko falta zitzaiona. 15 urte ditu eta bidea egiten ari da pilotaren munduan, baina orain buru-belarri dabil azterketetan murgilduta. Zortzi urte daramatza pilota eskolan eta Mikel Camina lehengusuarekin erronka politak ditu aurretik.

 

- Kirol Saria jasotzen amaitu zenuen urtea. Nolakoa izan zen 2018a?

Urte ona izan zen. Eskuz binakakoan finalera iritsi nintzen Udaberriko Txapelketan Ioritz Astigarraga azkoitiarrarekin, baina 22-8 galdu genuen; eta lau eta erdiko Gipuzkoako Txapelketako finalera ere heldu nintzen eskuz banakakoan, baina galdu egin nuen baita ere.

- Nola hasi zinen pilotan jokatzen?

Telebistan ikusten nuen eta aitarekin pilotan egitera joaten nintzen txikitan, eta zazpi urterekin pilota eskolan eman nuen izena. Oso gustora sentitu nintzen hasieratik.

- Zortzi urte daramatzazu taldean. Askok eman dute amore bidean?

Nire adineko jendeak ez dauka pilotarekiko hainbeste afizio, baina orain jende gazte asko sartu da taldera. Posible da euretako batzuk gero foballera edo beste kirol batera pasatzea, baina hortik zerbait irtengo dela uste dut.

- Beste kirolen batean ibili zara?

Igeriketan ibili nintzen, baina utzi egin nuen. Bestetik, Kezka Dantza Taldean ere egon nintzen hainbat urtetan, baina ingelesa, pilota eta klase partikularrak jasotzen nituenez zerbait aukeratu behar nuen eta dantza uztea erabaki nuen.

- Nola nahiago duzu jokatu: bakarka edo binaka?

Binaka. Bakarka presio handiagoa sentitzen dut eta binakakoan, aldiz, presioa banatu egiten da.

- Binakakoan zein postutan jokatzen duzu?

Aurrelari moduan. Orain lehengusuarekin jokatzen dut, Mikel Caminarekin, ni baino urtebete gazteagoa.

- Frontoi osoan edo lau eta erdian nahiago duzu jokatu?

Lau eta erdian jokatu izan dut beti. Frontoi osoan jokatzeko aukera daukat, baina eskuetako mina izaten dut eta nahiago dut lau eta erdian jokatu. Iaz bi aldiz eduki nituen eskuetako arazoak eta orain ere minduta daukat.

- Zein da zure idoloa pilotaren munduan?

Aimar Olaizola. Txikitatik gustatu izan zait eta 39 urterekin goian jarraitzen du.

- Zein da zure frontoirik gustokoena?

Astelena frontoia nire kuttuna da, baina orain dela gutxi Tolosako Beotibar frontoian jokatu nuen eta asko gustatu zitzaidan pilota frontisetik nola irteten zen.

- Zeintzuk dira zure erronkak 2019ari begira?

Udaberriko Txapelketan finalera iritsi nahi dut lehengusuarekin.