Pello Osorok triatloiari buruzko hitzaldia eskainiko du astelehenean Portalean

Pello Osorok triatloiari buruzko hitzaldia eskainiko du astelehenean Portalean
2021/03/26 eta kitto!
Eibarko Klub Deportiboko mendi-batzordeak antolatutako aurtengo Mendi Jardunaldiak azkenera helduko dira hilaren 29an, astelehena, Pello Osoro triatloilariak modalitate horren inguruan Portaleko areto nagusian eskainiko duen proiekzioarekin. Bertan parte hartzeko, dena dela, beharrezkoa izango da aurretik txartela eskuratzea, plaza mugatuko ekitaldia izango baita. Txartela doan lortu ahal izango da Deporreko tabernan, 17:30etik 20:30era.

 

Pello Osororekin amaituko da aurtengo Mendi Jardunaldietako egitaraua. Aurretik izandako bestelako ekitaldiak arrakasta izan dute, Klub Deportiboko mendi-batzordeko ordezkarien esanetan: “Mendifilmeko saio bakoitzean 109 lagun elkartu ziren, aurreko urteetan izandakoaren antzerako kopurua”. Ez da gutxi, bizi dugun egoera berezia kontuan hartuta; horrez gain, jendeak oso gustora ikusi zituen pelikulak eta baita aurkezleen azalpenak jarraitu ere. GPS mugikorraren inguruko ikastaroan, bestalde, aforoa bete egin zen eta 25 lagun izan ziren oinarrizko erabilerarako urratsak ikasten . Ez zen gutxiagorako izan eguazten honetan Juan Vallejo alpinistaren eskutik Coliseoan izandako “Mis montañas” proiekzioak izan zuen erantzuna, bertara joandako mendizaleen artean. Datorren astelehenean, hilak 29, Pello Osoro eibartarrak hain ondo ezagutzen duen “Neguko triatloia” gaiaren inguruan jardungo du Portaleko areto nagusian eskainiko duen proiekzioarekin. Arratsaldeko 18:30ean hasiko da emankizuna eta kirol horretan hain maila gorenean diharduen triatloilariak modalitate horretako nondik norakoak kontatuko ditu, bere motibazioak, prestaketa, erreferenteak, probak eta abar azaleratzeaz gain bere bideoan.

 

Errekuperazio bidean

Ez du sasoi errazena bizi gaur egun Osorok: badira hilabete batzuk min hartu zuela eta kirol ibilbidetik aparte dagoela, berriro martxa hartzeko prest. Berak dioenez, "printzipioz gauzak ondo doaz, bere bidetik, baina honek luze joko du. Bi hilabete dira ebakuntza egin zidatenetik eta goiz da oraindik berriz lehiatzen hasteko moduan noiz izango naizen jakiteko. Ondo bidean, udazkenerako errekuperatuta beharko nuke".

Berez kirol horrek sakrifizio handia eskatu eta denbora asko kentzen dion galdetuta, "iraupen luzeko kirolek orokorrean denbora asko eskatzen dutela" diosku, baina aurkitzen dio abantailarik ere: "Hiru diziplina ezberdin biltzean, entretenigarriagoa eta errazagoa ere bihurtzen baita".

Hilaren 29ko proiekzioaren inguruan ere hitz egin digu: "Muntatu dudan bideoan neguko triatloia zer den azaltzen ahalegindu naiz batez ere, labur hori bai, eta jarraian ni zelan heldu naizen kirol horretara argituko dut". Bere ustetan, "kirola orokorrean gustatzen zaion jendeari" interesatuko zaio eta baita "hiru kirol biltzen dituen modalitatearen inguruan kuriositatea" dutenei ere.

Hori bai, ez ahaztu ekitaldirako plazak mugatuak izango direnez, interesatuek aurretik txartela eskuratu beharko dutela Deporreko tabernan, 17:30etik 20:30era.