Pilota Egokitua Sari Nagusiaren final historikoa jokatuko da domekan Astelena frontoian

Pilota Egokitua Sari Nagusiaren final historikoa jokatuko da domekan Astelena frontoian
2022/03/29 eta kitto!
Domekan, apirilaren 3an final historikoa hartuko du Astelena frontoiak, 12:00etatik aurrera: Pilota Egokitua Sari Nagusia jokatuko dute bertan, bi mailatan. Aurreko domekan Beasainen jokatutako kanporaketen ondoren, Lorea Iribar-Eneko Sagarmendi eta Sheila Cueto-Iraitz Huegun izango dira adimen urrutitasuna duten pilotarien arteko finala jokatuko dutenak. Errenteriako Mindara elkartea aspalditik da erreferente kirol egokituari dagokionean eta bertako bi ordezkari izango dira finalean.

Urritasun fisikoa duten pilotarien artean, berriz, German Elkoro-Beñat Lizaso eta Yan Meunier-Maixi Cabanne baionarrek borrokatuko dute txapelengatik. Parte-hartzaileen artean nabarmentzekoa da Lizaso oiartzuarraren kasua, bere bosgarren finala jokatuko baitu –2018 Legazpi, 2019 Beasain, 2020 Errenteria, 2021 Getaria eta 2022 Eibar– denera bi txapel jantzita. Eta aurten bikote oso sendoa osatu du German Elkoro beasaindarrarekin. Lehen txapelketa du goierritarrak eta oso maila handia erakutsi du.

Maila goreneko kartelaren aurkezpena gaur goizean egin dute, Astelena frontoian bertan, eta han izan dira finala jokatuko duten pelotariak, Jon Iraola alkatearekin, Ander Curiel kirol zinegotziarekin, Laboral Kutxako Karlos Barrenetxearekin, Alicia Figueroa Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko zuzendari teknikoarekin eta Xabier Euzkitze, txapelketako enbaxadorearekin batera.

Azaldu dutenez, 2018an Legazpiko finalekin hasi zen Euskal Pilota Egokituaren abentura urrats sendoak ematen ari da inklusio sozialerako eta talentuen garapenerako eta horren adibide garbia da aurtengo ekitaldia inoiz baino parte-hartzaileagoa izan dela, guztira 36 pilotari aritu baitira.

Domekako jaialdia eguerdiko 12.00etan hasiko da eta, Astelena frontoian ez ezik,  ETB-1 eta eitb.eus atarian ikusi ahal izango da zuzenean.