Sailkapenean berdinduta dauden Alaves eta Eibarren artekoa gaur Gasteizen

Sailkapenean berdinduta dauden Alaves eta Eibarren artekoa gaur Gasteizen
2020/02/07 eta kitto!
Gaueko 21:00etan hasiko da partidu hori Mendizorrotzan eta Mendilibarren mutilek aukera izango dute arabarrak atzean lagatzeko; Ipuruan jokatutako lehen itzuliko partiduan Alaves 0-2 nagusitu zen. 2. Mailako emakumezkoen taldea ere bisitari izango da jardunaldi honetan, domekan 16:00etan Pozuelon jokatu beharreko partiduan. 3. Mailako Vitoriak Basconia hartuko du Unben etzi 17:30ean eta Euskal Ligan jokatzen duen emakumezkoen bigarren taldeak Sestao River hartuko du zapatuan 18:00etan. Erregional Ohorezko Mailako Eibar Urko liderrak Bergaran izango du norgehiagoka bihar 16:30ean eta 1. Erregionaleko igoera fasea jokatzen diharduten bi taldeetatik, Eibartarrak izango da etxean jokatuko duena (Touring-en aurka bihar 18:00etan), Urki Segurara joango den bitartean (bihar 15:30ean).
Eskubaloian, 1. Nazional Mailako Somos Eibarrek Beti Onak hartuko du zapatu arratsaldean Ipuruan, 18:30ean hasiko den partiduan. Probintziako 1. Mailako ordezkari biek ere etxean jokatuko dute oraingoan: emakumezkoen Mecalbek Txingudiren bisita izango du domeka goizean (11:45) eta gizonezkoen Eibar Eskubaloiak Tolosa B hartuko du bihar 16:30ean.
Saskibaloian, 3,. Maila Probintzialeko norgehiagokan, Avia Eibar Irunera joango da, bertan Erroibideri aurre egiteko bihar 20:00etan hasiko den partiduan.
Waterpoloan, Euskal Herriko 1. Mailako gure ordezkarien artean, gizonezkoenak gaur bertan jokatuko du Bilbon, bertako Klub Deportiboaren aurka, 21:00etan hasiko den neurketan; emakumezkoen taldeak, bestalde, Orbeako igerilekuan Santoña hartuko du etzi eguerdian, 15:35ean.
Errugbian, bai emakumezkoen bai gizonezkoen talde nagusiek atsedena hartuko dute asteburu honetan. Euskadiko Erregionalean jokatzen duen gizonezkoen bigarren taldeak Uribealdearen zelaian jokatuko du bihar 16:00etan.
Amaitzeko, gaur bertan afizionatuen mailako pilota jaialdia izango da Astelena frontoian. 18:00etan Pilota Eskolakoen arteko norgehiagoka izango da eta, jarraian, Udaberri Txapelketako beste bi partidu: jubeniletan, Azkargorta/Marquez Eibarko bikoteak Azpeitiko Ilunpeko ordezkariei egingo die aurre; eta helduetan, Narbaiza/Zubizarreta Eibarko bikoteak nor naino nor borrokatuko du Zumarragako Beloki pilota taldeko bikotearekin.