San Juan Sariarekin amaitu da Eibarko Txirrindulari Elkartearen denboraldiko egutegia

San Juan Sariarekin amaitu da Eibarko Txirrindulari Elkartearen denboraldiko egutegia
2022/06/20 12:19
eta kitto!
Domeka goizean jokatutako San Juan Sari Nagusiaren 86. edizioak amaiera eman dio Eibarko Txirrindulari Elkarteak azken denboraldian prestatutako proben egutegiari. 25 taldetan banatutako 112 txirrindularik hartu zuten parte ia ehun kilometro izango zituen proban (96,6, hain justu), tartean Kalbario eta Azkarate gainak gainditzeko. Ihesaldi ahaleginak egon baziren ere, azkenean tropelak kontrolatu zuen lasterketa, azken kilometroetara arte. Toribio Etxebarrian kokatutako helmugara 12 txirrindulari heldu ziren aurretik eta, euren arteko esprintean, Bellota taldeko Gari Ugarte nagusitu zen. Irabazleak 2:23:35 denbora egin zuen, batazbesteko ordukoa 40,367 kilometrotan ezarriz.

Ulmako Aimar madinak eta Limousin-Oriako Urko Vidalek osatu zuten podiuma, mendiko sailkapena Xabier Cerrorentzat izan zen, tarteko helmugakoa Beñat Garaiar-entzat eta taldeka Grupo Eleyco-Iturribero izan zen onena.