SD Eibarrek, Mondragon Unibertsitateak eta WATS Teamek akordio bat sinatu dute

SD Eibarrek, Mondragon Unibertsitateak eta WATS Teamek akordio bat sinatu dute
2021/02/10 eta kitto!
SD Eibar futbol-klubak, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak, eta WATS Teamek akordio bat sinatu dute kirol-arloko prestakuntza, profesionalizazioa eta enplegagarritasuna sustatzeko, bi unibertsitate-programaren bitartez: Kirol Enpresako Berrikuntza eta Kudeaketarako Masterra eta Kirol Berrikuntzan Graduondoa.

Ipuruan sinatu da hitzarmena eta honako hauek hartu dute parte: Lander Belokik, En-presagintza Fakultateko dekanoak; Mikel Larrañagak, Eibar Kirol Elkartea Fundazioko lehendakari-ordeak; Jon Ander Ulaziak, Eibar Kirol Elkarteko kontseilari ordezkariak; eta Alex Navarrok, WATS Teameko fundatzaileetako batek.

Hiru alderdien artean garatutako ekimena kirol-arloko prestakuntza areagotu beharretik abiatu da, bi unibertsitate-programa horien bidez. Programa horietan, klubeko adituek parte hartuko dute hainbat arlotan, hala nola enpresa-kudeaketan, komunikazio-estrategietan edo klubaren nazioartekotze-ereduan. Gainera, hitzarmenak beka-programa bat du klubeko kirolarientzat eta beren lan-jarduera bertan garatzen duten pertsonentzat, baita praktiketako programa bat ere, bi programetako parte-hartzaileentzat.

Kirol Berrikuntzako Graduondoa 27 eta 50 urte bitarteko profesionalei zuzenduta dago, kirol-sektorean kokatuta dauden beren enpresetan berrikuntzak egin nahi dituztenei edo kirol-arloko enpresa-proiektu bat abian jarri eta garatzeko prest daudenei. Prestakuntzaren eta laguntzaren bitartez, “executive” programari esker, profesionalak aurrera egiteko gai izaten dira kirol-sektorean. Progromak bi edizio izan ditu, eta horietan 25 pertsonak parte hartu dute guztira; ekimenaren hirugarren edizioa martxoan abiaraziko da. http://www.wats.team/wats-expert-online/

Izena emateko epea zabalik

Bestalde, Kirol Enpresako Berrikuntza eta Kudeaketarako Masterra kirola gogoko duten eta duela gutxi graduatu diren 22 eta 27 urte bitarteko gazteei dago bideratuta, kirol-sektorean lan egiteko gaitu eta kirol-arloko beren enpresa-proiektua modu praktikoan osatu nahi dutenei. Gaur egun, programaren lehen edizioa garatzen ari da, eta dagoeneko irekita dago bigarren edizioan izena emateko prozesua. http://www.wats.team/wats-master/

Lankidetza hori lehen abiapuntua da, hiruen artean, helburu hauek lortze aldera lan egiten jarraitzeko: kirolaren balioak sustatzeko, kirol sektorearen profesionalizazioan eta prestakuntzan sakontzeko, kirol indarkeriaren aurka kontzientziatzeko eta etorkizunean baterako ekintzak garatzeko.