Uda igeriketa kanpaina abiatu du Kirol Patronatoak

Uda igeriketa kanpaina abiatu du Kirol Patronatoak
2021/05/12 eta kitto!

Datorren zapatuan, hilaren 15ean, hasita eta 30era bitartean egin daiteke aurreinskripzioa Uda 2021 Igeriketa denboraldian parte hartzeko. Izena Ipurua eta Orbea kiroldegietan zuzenean egin daiteke eta baita www.eibarkirola.eus bitartez ere. Behin epe hori amaituta, hurrengo egunean, hilaren 31n, egingo da zozketa izena eman dutenen artean eta horko emaitzak ekainaren 1ean argitaratuko dira Ipuruako iragarki-taulan eta aipatutako web orrian. Lehentasuna izango dute ikastaro osora apuntatzen direnak eta baita bazkideak direnak ere. Ikastaroak 2018an eta aurretik jaiotakoentzat izango dira eta ekainaren 28tik uztailaren 23ra arte iraungo dute.


Hiru mota izango dira, daten araberakoak: ikastaro osoak aipatutako egun horiek hartuko ditu, lehenengo hamabostaldikoa ekainaren 28an hasi eta uztailaren 9an amaituko da eta, azkenik, bigarren hamabostaldikoak uztailaren 12tik 23ra arte iraungo du.


Ikastaroak egiteko izena emateko epea ekainaren 7an hasiko da eta presentzialki egin beharko da, diploma edo maila agiria aurkeztuz (zapaburu eta ahate mailetan kenduta) eta ordainketa txartelaren bidez egingo da. Ekainaren 14tik aurrera zozketan parte hartu ez dutenei izena emateko aukera eskainiko zaie, beti ere eskaeren ordena errespetatuz.