Ipuruako anexoko zelaiak erabilera publikoa izango du asteburuetan

Ipuruako anexoko zelaiak erabilera publikoa izango du asteburuetan
2023/01/24 eta kitto!
Ipuruako Udal estadioaren ondoko zelaiak erabilera publikoa izango du asteburuetan. Horrela, erantzun egin nahi zaio, neurri batean, herrian futbolean aritzeko erabilera libreko espazioak izateko premiari.

Astean zehar anexoa Eibar KTren oinarrizko futboleko taldeek eta emakumezkoen lehen taldeak erabiltzen dute, eta baita Eibar Rugby Taldeak eta Multikirolako hainbat taldek ere.

Asteburuetan erabili ahal izango da zelaia, 10:00etatik 21:00etara, baldin eta klubek partida ofizialak jokatzeko edo entrenatzeko erabiltzen ez badute. Ezingo da erabili, ezta ere, arrisku handikotzat jotzen den Eibar futbol taldearen partida dagoenean; "kasu horretan, instalazioa partida hasi baino 3 ordu lehenago itxi beharko da, eta partida amaitu eta ordubetera irekiko da", azaldu dute Udaletik.

 

Erabilera-arauak
Espazioa beti baldintza onetan egongo dela bermatzeko arauak bete beharko dituzte erabiltzaileek. Ezingo da erre esparruaren barruan, eta ezta janariarekin edo edari alkoholdunekin sartu ere; animaliak ere ezingo dira sartu. Garbitasun- eta higiene-arrazoiengatik, ezin izango da jan ez piparik ez azala duten fruitu lehorrrik. Erabilera-arau horiek guztiak ikusgai egongo dira anexoan sartzeko atean jarriko den kartelean.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “gune hau jendearentzat irekita, herritarrek urteetan helarazi diguten eskaera bati erantzuten diogu, eta, aldi berean, herriko kirol-klubek anexoa astelehenetik ostiralera erabiltzen jarraitu ahal izango dutela bermatzen dugu. Espero dut zelaia erabiltzen duten pertsonek instalazioak modu arduratsuan eta seguruan erabiliko dituztela.”

 

Anexoa hesien bidez itxita
Sarreran gaur egun kontrolik ez dagoenez, eta esparruaren segurtasuna bermatzeko asmoz, duela egun batzuk Ipuruako Estadioaren ondoko zelaiaren kanpoaldea  forjatu baten bidez itxi da; "horrela, instalazioa ezarritako ordutegien barruan behar bezala erabiltzen dela bermatuko da, eta gerta daitezkeen istripuak aurreikusiko dira", azaldu dute.