Urbat Urkotronik-ek Euskal Herriko Kopa irabazi du berriro ere

Urbat Urkotronik-ek Euskal Herriko Kopa irabazi du berriro ere
2020/01/27 eta kitto!
Eibarko waterpoloa protagonista dugu berriro, iaz irabazitako Kopa berretsi duelako senior mailako gizonezkoen taldeak. Ez da emakumezkoen kasua izan, azken hauek ezin izan dutelako iaz lortutako txapela berretsi, azken fasera heldu baziren ere. Donostiako Paco Yoldi igerilekuan jokatutako zapatuko jardunaldian, goizeko saioko finalerdietan Urbateko gizonezkoen taldeak 11-8 garaitu zuen WP Donosti eta emakumezkoenak amore eman zuen Leioarekin 10-7. Arratsaldeko saioan emakumezkoen Urbatek 7-6 galdu zuen Bidasoarekin hirugarren eta laugarren postuak jokoan zeuden partiduan eta, jardunaldiari amaiera emateko partiduan, Eibarko gizonezkoen taldeak 12-10 irabazi zion WP 9802 taldeari, modu horretan Euskal Herriko Kopa berriro bereganatuz. Donostian jokatutako azken fasean, gainera, Urbateko taldeak ez ziren bakarrik izan, Eibartik joandako ehun bat lagunen animoak eta laguntza jaso baitzuten partiduetan.
Honakoak izan dira Kopako txapeldunak: Paul Alberdi, Mikel Basterrika, Xabier Egidazu, Alberto Etxebarria, Kerman Ispizua, Asier Ortiz de Zarate, Mikel Recio, Ekhi eta Izei Sologaistua, Ander, Eneko eta Jon Treviño, Unax Unzeta, Xabier Varela eta Martin Zamakola. Emakumezkoen taldea, bestalde, hauek osatu zuten: Ainhoa Agirre, Ezozi Akizu, Sara Arizaga, Paula De Maria, Jone Gomez, Alaitz Ibarrola, Sara Leturiaga, Elene Molina, Ireide Sarria eta Alaitz eta Alazne Ziarsolo.