Urbat Urkotronik-ek Euskal Herriko Kopako finalak bilatuko ditu barixakuan Orbean

Urbat Urkotronik-ek Euskal Herriko Kopako finalak bilatuko ditu barixakuan Orbean
2023/01/24 12:41
eta kitto!
Aurreko asteburuan Kopako final-zortzirenetan Sestaori 6-13 irabazi eta gero, Urbat Urkotronik-eko talde nagusiak Nafarroa B izango du aurkari Kopako finaletan sartzeko azken kanporaketan. Azken urrats horrek barixakuan izango du hitzordua Orbeako igerilekuan eta, irabaztekotan, Iruñean jokatuko diren finaletarako txartela eskuratuko luke. Sestaon eibartarrak oso nagusi izan ziren, partiduaren pisua eramanez hasieratik amaierara arte.

Orbeak Master Jardunaldia ere jaso zuen aurrekoan, eta hor bikain jardun zuten eibartarrek, indar handia erakutsiz. Eibarren jokatutako txapelketa mini horretan Urbatek finala ere bereganatu zuen, Rest of World taldeari 10-2 irabazita. Beteranoetatik harrobira jauzi eginez, kadeteen Ligako ordezkariak 3-9 irabazi zion Donostiri eta hiru punturekin itzuli zen etxera. Ez zen gauza bera gertatu haur misto ligako taldeen artean: kasu horretan donostiarrak gehiago izan ziren eta 2010ean jaiotako jokalariekin bakarrik osatutako taldeak amore eman zuen (11-6).