Urbat Urkotronik taldeak lau partidutik hiru garaipen eskuratu zituen asteburuan

Urbat Urkotronik taldeak lau partidutik hiru garaipen eskuratu zituen asteburuan
2023/03/22 11:58
eta kitto!
Senior mailako hiru taldeek jokatu zuten azken asteburuan eta, gizonezkoen biek irabazi zuten bitartean, emakumezkoenak amore eman behar izan zuen berean. Azkenik, infantil Ligako talde mistoak irabazi egin zuen bere partidua.

Senior mailako lehen taldeak 15-9 irabazi zion Getxori, laugarren zatiari zortzina berdinduta ekin eta gero. Ondorengo 7-1eko partzialak eta Izei Sologaistua atezainaren lanak erabaki zuten partidua. Jarraian lortutako laugarren garaipenarekin taldeak gora egin du sailkapenean.

Senior mailako gizonezkoen bigarren taldeak 9-5 irabazi zuen, honek ere Getxoren aurrean. Lan bikaina egin zuten batez ere Ander Etxeberria (lehen taldearekin ere minutuak izan ditu) eta Pello Bergaretxe atezainek. Denboraldi bikaina jarraitzen du egiten bigarren talde horrek. Emakumezkoen Urbat Urkotronik-ek, bestalde, 12-9 galdu zuen Waterpolo Iruña B taldearekin. Eta infantil mailako talde mistoak, azkenik, 7-15 irabazi zion Leioa C-ri, hauek ere laugarren garaipena lortuz.