"Urkora 69tan ezetz!!!", bihar Ermutik Urko puntara oinez

"Urkora 69tan ezetz!!!", bihar Ermutik Urko puntara oinez
2016/07/15 eta kitto!
Ermuko Patxi plazatik Urko puntara oinez, norberak aukeratzen duen bidetik, 69 minututan heltzea da probaren helburua. Eta parte-hartzaileek ezingo dute erlojurik, ez telefonorik eraman, ezta denbora neurtzeko beste biderik erabili (esaterako, jendeari galdetu, argazki makinan begiratu...). Ermuko Santixao jaietako egitarauaren barruan dago eta aurten 8. edizioa beteko du bihar goizeko igoera neurtu horrek. Inskripzioa euro batekoa da eta 10:00etan zabalduko da Patxi plazan. Urko puntara 69 minututan (edo goitik gertuen) heltzen denak irabaziko du proba; arinago    heltzen dena deskalifikaturik geldituko da. Geldialdiak, bestalde, nahi beste egin daitezke, baina Urko puntatik 20 metrora jarriko den kontroletik aurrera ezin izango da egin (derrigorrez pasatu behar da bertatik). Parte-hartzaileek tontorra ikutzean inskripzioko txartela eman beharko dute eta irabazle bakarra izango da: berarentzako saria... irteeran jasotako txanpon guztiak. Animo, proba polita da-eta mendian ibiltzea gustoko duzuen guztiontzat.